Apirilaren 13a: produktu freskoen azoka biziberritzeko eguna

Imanol Gallego 2013ko martxoaren 27a

Aire berriak iritsi dira Arrasateko azoka plazara. Duela urtebete Bagarak produktu freskoen azoka biziberritzeko ardura hartu zuenetik, bilerak, herri galdeketak... denetik egin da. Orain, prozesua bigarren fasean sartu denetik egindako aurrerapauso eta hausnarketak erakusteko garaia iritsi da.Apirilaren 13a horretarako eguna izango da.

GUreztatu prozesuak paper eta hitzetik ekintzara egingo du salto. Zapatukoa azoka berezia izango da. Ez da soilik egun aldaketa bat izango. Goizeko hamarretatik aurrera, ohiko baserritar eta postuez gain, berrikuntza ugari izango ditu azoka plazak. Bagarako kide Onintzen Guridiren hitzetan: "Azokak duen lekuak zenbat erabilera dituen erakutsiko dugu".

Esan eta egin; zapatuan, ohiko saltzaileez gain (hauek goizez bakarrik egongo dira), bailarako zenbait ekoizlek eta Arrasateko artisauek ere tokia izango dute. Eraldatutako produktuak erosteko aukera ere egongo da. Gomiztegikoek gazta ekarriko dute eta Jakionek bere postua izango du. Herrian oso errotuta dauden Harreman bidezko merkataritzak eta Emausek ere tokia izango dute. Bigarren eskuko gauzak saltzen dituzten postuak ere egongo dira.

Asmoa ez da erraza, urteetan erabilpen bakarra izan duen kokapen bat berrantolatu eta bere funtzioaniztasuna erakustea izango da-eta. Horretarako, egun erabiltzen diren barruko postuez gain, azokaren espazio guztia erabiliko dute.
Kultura agenda

Jaki eta produktuak ez dira azoka egun berezian egongo diren gauza bakarrak izango. Kulturak zeresan handia izango du. 12:00etan Ain_1 eta jarraian, 12:30ean, Azabatxe Arrasateko taldeek azoka girotzeko ordu erdi inguruko kontzertu bana emango dute. Gero, Toberako antzezleek kontsumoari buruzko antzerkia egingo dute.
Ondoren, ekintzek arratsaldera egingo dute salto: 17:00etan haurrentzako ipuin kontaketa izango da eta 18:00etan herriko artisau, Emaus eta Amaia Albesen eskutik moda desfilea. Kultur ekintza hauez gainera, egun osoan zehar trikitilariak, umeentzako tailerrak... GUrezatu prozesuaren parte diren ekimen guztiek euren ekarpentxoa egingo dute. Zerbait jan eta edateko txosna bat ere egongo da.

Aipatzekoak dira gurean nahiko ezezagunak diren bi ekintza. Trukerako postu baten bitartez, postu horretan produktuak trukatzeko aukera egongo da. AGAKOko kideek kamisetak serigrafiatuko dituzte; horretarako, baina, kamiseta etxetik eroan beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak