Imagine Cup 2013 bideojokoen lehiaketan parte hartuko du MUk

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko martxoaren 27a

Mondragon Unibertsitatea Espainiako beste bi unibertsitaterekin arituko da lehian, Imagine Cup 2013 izeneko munduko txapelketako finalera iristeko. Aitor Akizu, Ander Gordoa, Unai Alegre eta Josu Lopez dira proiektuaren egileak.

Mundu erreala eta bideojokoen mundua nahasten dituen Remotion 3 izeneko bideojokoa da, hain justu ere, Mondragon Unibertsitateak aurkeztuko duen proiektua. Madrilen lehiatuko da, apirilaren 4an.

Beste bi unibertsitateko proiektuekin lehiatuko da: Granadako eta Murtziako unibertsitateetako proiektuekin.

Irabazleak Imagine Cup 2013 txapelketaren nazioarteko finalera joateko txartela eskuratuko du.  XI. edizioko Espainiako finala ESNE unibertsitatean egingo da.

Imagine Cup Microsoftek urtean behin antolatzen duen eta ikasleak gure mundua teknologiaren bitartez hobetzeko erronkaren aurrean jartzen dituen txapelketa da. Teknologiaren arloan talentu gazteentzat antolatutako txapelketarik garrantzitsuena da, eta honako lelo hau du: Amestu, eraiki eta bizi.

Hiru taldeek epaimahai baten aurrean aurkeztuko dituzte beren proiektuak. Espainia nazioarteko finalean ordezkatuko duen talde irabazlea apirilaren 5ean jakinaraziko da sari-banaketa batean.

Talde irabazleak uztailaren 8tik 11ra arte, San Petersburgon (Errusia) izango den azken etapan defendatuko du bere proposamenaren bideragarritasuna, originaltasuna eta balioa.

Mondragon Unibertsitatearen proiektua

Mondragon Unibertsitatearen proiektua, Remotion 3 izenekoa, mundu erreala eta bideojokoen mundua nahasten dituen bideojoko bat da. San Petersburgoko finalera iritsi nahi duten gainerako bi proiektuak SRGX Project (garun-seinaleak detektatzen dituen denbora errealeko eta 3Dko errealitate areagotuko plataforma bat) eta EducAR (Kinect eta errealitate areagotua bateratzen dituen hezkuntza-tresna bat) dira.

The new driving experience Remotion 3 bideojokoak bideojokoen mundua eta mundu erreala nahasten ditu. Bideojoko horretan, hainbat jokalari, Interneten bitartez eta munduko edozein lekutatik, irrati-kontroleko auto errealekin lehia daitezke zirkuitu fisiko batean.

Bideojokoa Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Sistema Txertatuen Masterreko lau ikaslez (Aitor Akizu, Ander Gordoa, Unai Alegre eta Josu Lopez) osatutako talde batek diseinatu du, eta urruneko gidatzea eta online lehiaketa erreala bateratzen ditu. Horrela, beraz, munduko edozein erabiltzailek parte har dezake auto-lasterketa erreal batean etxetik irten gabe, eta edozein aginte mota erabil dezake gidatzeko (XBOX, bolantea, KINECT, teklatua eta abar).

Horretarako, hainbat jokalari zerbitzari baten bitartez konektatzen dira dagokien autora, eta autoak dauden pistaren hainbat ikuspegi jasotzen dituzte IP kameren bidez. Erabiltzaileek nahikoa dute ordenagailuan doako aplikazio bat instalatzearekin eta bertan saioa hastearekin. Era horretan, jokalari bakoitzaren emaitzak monitorizatzen dira, eta sailkapenak sor daitezke lasterketetan lortutako emaitzekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak