Naiara Agredaren familiak hilabete barru jasoko du gazteak horren premiazkoa duen gurpildun aulki berria. Hona iristea, baina, ez batere erraza izan. Lehenik, tapoi bilketari ekin zioten. "Guztira, 11 tona inguru jaso ditugu", dio Almudena Viecok, Naiararen amak. Hori, baina, nahiko ez, eta Gabonetan otarre bat zozketatu zuten, gaztetxean kontzertu bat antolatu zuten... Horrek guztiak familiak etxean egin beharreko obrak egiteko dirua ekarri die.
Hala ere, prozesua asko luzatu da. Ekainean ekin zioten tapoi bilketari, eta, diru dezente batu duten arren, ez da nahikoa izan. Naiarak duela bi aste 15 urte bete zituen eta bere gurpildun aulkia txiki geratzen hasi zaio. Amak beti izan duen nahi bat da: "Hobekuntza asko egin dizkiogu, baina aukia oso beharrezkoa dauka".
Duela egun gutxi, egoerak erabateko aldaketa izan du. Kanpaina berri bati esker Naiarak hilabete barru bere aulki berria jasoko du.
Donostiako bikotearen laguntza
Borja Vigil eta bere emazte Ana Naiararen kasua hedabideen bitartez ezagutu eta berehala agertu ziren laguntzeko prest. Hasiera batean, guztiek ekainera arteko kanpaina aurreikusi bazuten ere, gauzak uste baino azkarrago joan dira.
Naiararen gurasoek ezinezkotzat jotzen zutena aste bakarrean geratu da. Kanpaina abiarazi eta berehala 2.500 euro batu zituzten. Bigarren egunean 300 euro gehiago batu zituzten. Hortik aurrera gertatutakoa ezinezkoa zela uste zuten. Astea amaitu baino lehen 8.000 euroko muga atzean zeukaten eta martxoaren 20an helburutzat zituzten 10.000 euroak pasa zituzten. Donostiatik espero ez zuten laguntza erabakigarria izan da.
Familia oso pozik agertu da. "Guztion artean lortu dugun zerbait da", dio amak. Hilabete barru, horren beharrezkoa duten gurpildun aulkia jasoko dute. Ziur, ezusteko honen ostean Naiararen urtebetetzea era berezian ospatu dutela