Ebert Sanchez: "Pixkanaka-pixkanaka, neure gitarrak egitea espero dut"

Jagoba Domingo 2013ko apirilaren 5a

37 urtez bere ideiak defendatu ditu eta egunero bere bizimoduaren bidea jorratzen jarraitzen du Ebert Sanchez venezuelarrak. Artisau eta musikari honek urte batzuk badaramatza Arrasaten dagoeneko. Oraingoan, egiten ari den luthier lan bitxi bat aitzakia dugula bisitatu dugu.

Zein proiektu duzu esku artean?

Momentu honetan, Nintendo Nes kontsola erabiliz gitarra bat egiten nabil. Kontsola gitarraren gorputz bezala erabili dut, eta honen gainean egin beharreko aldaketak egin ditut hura gitarra bihurtzeko.

Nolatan hasi zinen abentura honetan?

Enkargua izan da; Azkaiter Pelox bergararrak ideia azaldu zidan eta segituan hasi nintzen lanean. Normalean, gitarrak konpontzen ditut eta noizbait egin egin izan ditut. Orain ireki berri dugun dendarekin, lan hauek egiteko leku aproposa dut; beraz, pixkanaka lan gehiago egingo ditudala uste dut.

Zelakoa izan da gitarra egiteko prozesua? 

Luthier eta muntaketa lana izan da, gehienbat. Pieza asko eginda egon arren; esate baterako, kontsola, gitarraren giderra edota zubia, gitarra bat egiteko arau batzuk errespetatzea ezinbestekoa da. Beraz, luthier lanak ere egin behar izan ditut; gainera, kontsola barruan dago instrumentuaren sekretua. Horrez gain, pieza batzuk beste horrelako gitarrekin alderatuz hobetu egin ditut; adibidez, giderra eta kontsola lotzen dituen pieza. Hala ere, oraindik, kalibratzea, soken kintajea... amaitzeko daude.

Enkargua jaso zenuenean harritu egin al zinen?  

Ez nintzen askorik harritu, egia esan, horrelako asmakizun asko ikusi ditut dagoeneko. Nik neuk flauta, cuatro venezolano eta beste hainbat instrumentu egin ditut eta, pixkanaka, neure gitarrak egitea espero dut. Hala ere, oso gogotsu jaso nuen enkargua, baina, esan bezala, ez dago guztiz amaituta.

Eta soinu aldetik berezia al da?

Kasu honetan, harilketa bikoitzeko pastilla bat du; beraz, honek ematen dio ezaugarri akustiko nagusia. Hala ere, kontsola plastikozkoa izanik, sonoritate ezberdina lortzea derrigorrezkoa da.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak