Urtero moduan, nagusiendako Doke txapelketa antolatu du SUDC elkarteak Egubakoitz Santurako. "Aurten ere ez dugu hutsik egingo, ez. Dena dugu prest", adierazi du SUDCeko kide Andoni Altzelaik.
Zaldibarko lurrak
Doke txapelketa aspaldiko ohitura da Arrasaten. "Duela urte asko, 400 bat urte, egun Arrasatekoak diren Zaldibarko lurren jabetza jokatu zuten Dokean. Oñaztarren eta ganboatarren arteko lehia zen, biek eskuratu gura zituzten lur horiek, eta azkenean erabaki zuten Dokean jokatzea. Txapelketa bat egin zuten eta irabazlearendako izan ziren Zaldibarko lurrak", kontatu du Altzelaik. Harrez gero, eta garaipen historiko hori gogorarazteko, urtero jokatzen dute Dokera, beti Egubakoitz Santu egunean.
Udalaren kontra
Bikoteka aritzen dira, eta Arrasateko elkarte gastronomikoetako ordezkariek hartzen dute parte. Joan den urtean, esaterako, 14 bikotek eman zuten izena txapelketan.
Garai batean lurrak zeuden jokoan, eta orduko txapelketa jokoa izaten jarraitzen du egun, jolasa izan ordez. Izan ere, lurrak ez, baina hamarretakoa egoten da jokoan txapelketa horretan. "Elkarte gastronomikoetako bikoteen artean jokatzen da lehenengo eta bikote irabazlea, udal ordezkariek osatutako bikotearen aurka lehiatzen da finalean. Galtzen duenak, hamarretakoa ordaindu behar du. 50 bat kilo sardina eta ardoa erosi behar ditu galtzaileak", dio Altzelaik. Udal ordezkarien bikotea Iñaxio Azkarragaurizar alkateak eta Kepa Urteaga kultura zinegotziak osatuko dute aurten.
Bestalde, domekan, 14 urtera arteko dozena bat parte hartzailek jokatu zuten Dokean, Monterron aurreko zelaian. Beste behin, Dokea ezagutzeko aukera eman die modu horretara SUDCek herriko ume eta gaztetxoei.