"Haren ideia joko batean oinarritzen zen eta guztion artean minigoteak sortu genituen", dio Lander Baltzak. "Hasieran, jendeak ez zituen oso serio hartzen, baina orain, ideiak ere ematen dizkigute", gaineratzen du. Enpresa hasi berria den arren, hilabete gutxian produktua eraldatzen eta egokitzen joan dira eta hortik sortu zuten minigote pertsonalizatuak egiteko ideia.
Mila diseinu, mila aukera
Irudimenak ez dauka mugarik, eta minigoteekin ere gauza bera gertatzen da. Lagun koadrila bat, futbol talde bat, ezkontza bat, musikariak... Denetik egin daiteke. Diseinua argazki batetik irteten da eta jabeak goitik behera pertsonaliza dezake bere minigotea.
Denbora laburrean, jabeak muntatutako minigote bat jasotzen du. "Beste bi eredu ere inprimatzen dizkiogu", dio Baltzak. Hori gutxi balitz, jabeak bere minigotearen trokela ere jasotzen du, nahi adina aldiz inprimatu eta muntatzeko. Minigoteek duten arrakastaren isla da Baltzak esandakoa: "Denda batek 30 cm-ko minigote bat eskatu digu".
Aurrez egindakoak ere bai
Minigotes.com webgunean, aurrez seriean egindako minigote ugari daude. Kasu horretan, txikiagoak dira, eta, do it yourself joerari tiraka, jabeak muntatzen ditu. Samuraiak, zonbiak... Laster, serie berriak ere egingo dituzte. Orain, minigoteekin jolas egiteko joko bat sortzen dabiltza; nabari da ez zaiela irudimenik falta.
Hasieran jendeak zorotzat hartu bazituen ere, Einsteinek zioen moduan: "Zoroaren eta jenioaren artean arrakasta da ezberdintasun bakarra". Hirukote horrek argi utzi du arrakastaren bidea dela hartu nahi dutena.


