San Isidroen bueltan (maiatzaren 15) antolatzen dituzte auzoko jaiak musakolarrek. Aurtengoa ere etorri badator, eta lan horretan buru-belarri dihardute auzotarrak. Aurrera egin ahal izateko, Udalari laguntza eskatu diote, gaur arratsaldean aztertuko dena.
Bertako jakiak, artisautza eta beste
Horrekin batera, Arrasaten lehenengo aldiz egingo duten Azoka Eguna antolatzeko laguntza ere aztergai izango du udal gobernuak gaur. Apirilaren 13an ospatu gura du Bagara elkarteak 13 elkarte baino gehiagorekin elkarlanean; bertako jaki, artisau, umeendako jolas eta abarrekin azoka berezia egiteaz gainera, besteak beste, moda desfile herrikoia egin gura dute egun horretan.
Kultura eta jai kontuekin segituz, apiriletik ekainera bitarteko ekintzen programazioa onartzeko proposamena ere landuko dute udal agintariek asteroko batzarrean, eta bestelako gaien artean, Arruena parkean ez aparkatzeko jarri den barreraren inguruan Mojategiko kirol instalazioen klub erabiltzaileek aurkeztutako idatzia ere izango dute aztergaien artean.