Urratsez urrats, badoaz Arrasateko azoka zehazten

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko martxoaren 19a

Azoka biziberritzeko planaren bigarren fasea martxan da dagoeneko, eta gaur martitzena, Udaletxeko osoko bilkuren aretoan elkartu dira parte hartzaileak, orain arte talde bakoitzak eginiko lana gainerako kideekin partekatzeko asmoz.

Gureztatu, edo azoka biziberritzeko plana bigarren fasean sartuta dago. "Lehengo fasean 400 bat lagun aritu baginen, bigarrenean 70etik gora ibiliko gara". Hala adierazi du Nagore Iraola, Bagarako kideak.

Jolasgunea, Ostalaritza, Denda, Azoka erabilera, Diseinu arkitektonikoa, Dinamikak, Kudeaketa eta trantsisioa eta Nekazaritza lanak ari dira lanean, eta gaurkoan guztietako ordezkariak elkartu dira Udaletxean, eta bakoitzak eginiko lanaz egin du berba.

Taldeen lana ezagutzen

Jolasguneko kideek, esaterako, tokiari goxotasuna eman behar zaiola, "baita tenperatura aldetik ere", ondorioztatu dutela eman dute aditzera. "Adin guztietako haurrentzako tokia behar da azokan, baina bereziki 0 eta 3 urte bitarteko txikientzako ez dago toki itxirik herrian, eta gune bat izango lukete, besteen artean".

Kultura eta Ostalaritza taldeak, azokan ipiniko luketen taberna eredua zehaztu duela eman du aditzera. "Horretarako, herriko ostalariekin elkartu gara, eta besteen artean, 150 metro koadro ingurukoa izatea eta kanpoko terrazaren aukera edukitzea aurreikusi dugu".

Kulturari dagokionez, "ez dago espazio txikirik Arrasaten. Amaia handiegia da, Kulturate serioegia. Horregatik, eszenatoki mugikor bat egotea gurako genuke, eta sukalde bat izatea garrantzitsua da, ikastaroak egiteko, esaterako".

(Talde argazkia, Udaletxeko eskaileretan)

Dendaren ideia landu duen taldeak, bestalde, beste toki batzuetakoak ikertu dituztela adierazi du. "8 izan dira, eta bisitak egin ditugu, edota deiak, inkestak bidali...eta ondoren txosten bat egin dugu". Horietatik ondorioak atarako dituzte, eta denda izango denaren aukeren identifikazioa egin.

Diseinu arkitektonikoari buruz, 7 arkitektok osatutako taldea proposamen ezberdinen inguruan lanean diharduela aipatu dute. "Eragile ezberdinei zuzenduta egotea funtsezkoa da, eta ez du izan behar soilik egun zehatz batzuetarako". Argitasunaren eta atsegina izatearen beharra azpimarratu dute, eta baita kanpoko plaza mimatu beharra ere, "egun ez baita erakargarria". Bi proiekturekin ari dira lanean, "bata bideragarriagoa da, eta besteak, amesten jarrita, nolakoa gurako genukeen irudikatzen du". Oraindik proiektu hutsak direla gogorarazi dute. 

Erabiltzaileen eskaerak

Azokako egungo erabiltzaileek ere ahotsa dute prozesuan, eta zenbait gai jorratu dituzte. Hala, beraien ikuspegitik dauden behar nagusiei lehentasuna emanda, epe motzera horietariko batzuk konponduko dira. Esaterako, herri autobusa azoka egunetan bertatik igarotzea gura zuten, eta apirilaren 8tik aurrera martxan egongo da zerbitzua.

Bestalde, karga eta deskarga guneak finkatu eta funtzionatu dezatela gura dute, edota dauden itokinak konpontzea, aparkalekuak finkatzea zein marka eta irudi berria edukitzea azokak. "Guztiak ez dira posible izango epe motzera behintzat. Baina marka eta irudiarena bai, esaterako. Izan ere, lehiaketa deituko dugu azokaren irudi berria erabakitzeko".

Azoka eguna

Apirilaren 13an azoka eguna egingo dute, Dinamika taldeak bultzatuta. "Frogatu gura dugu erabilgarria dela ekimen ezberdinak antolatzeko". Goizetik egongo da zer egin: azoka berezia goizean, musika, haurrentzako tailerrak, moda desfilea... Horren harira, "40 lagun baino gehiago animatu dira desfilatzera. Eta eragile ezberdinen lanak ikusteko aukera egongo da". Birziklatutako materialaz eginiko Emauseko amantal eta poltsak, edota Amaia Albesek bere azken kolekzioa erakutsiko du, esate baterako.

Gauza denak zehaztu gabe dituzten arren, "asteon dena itxita izatea espero dugu", esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak