Zela sortu zaizu ikerketa honetan parte hartzeko aukera?
Ingeniari kimikoa naiz eta, orain doktoratu naiz, Ikerlanen egin dudan doktore tesi honekin. Zortzi urte daroatzat Ikerlanen eta orain heldu zait ikerketa hau egiteko aukera.
Burmuinari sendagaiak ematen dizkion txipa da sortu duzuena, ezta?
Bai, polimeroz eginda dauden orratz mikroskopikoak dira. Orratz oso-oso txikiak; hortaz, zerebro edo burmuineko gaitz asko saihesten lagun dezaketenak.
Polimerozkoak direla diozu.
Bai, hala da, eta hor dago berritasunetako bat, orratz hauen dohainetako bat. Izan ere, malguak dira, tolesgarriak, eta horrek ematen dio bio-bateragarritasuna. Horrek bereizten ditu beste orratz mikroskopiko batzuetatik.
Halakorik ez dago gaur egun,
hortaz?
Ez. Gaur egun erabiltzen direnak siliziozkoak dira eta Iparramerikarren esku dago horien merkatua. Beste hauek irekitzen dute beste bide bat, beste aukera bat.
Azalduko diguzu zelako orratzak diren?
Esan dudan moduan, tolesgarriak edo malguak dira, besteen aurrean; bestalde, elektrodo batzuk ditu txertatuta eta elektrodo hauek ez daude putzu moduko batean hondoratuta, baizik eta azalean daude, neuronetatik gertu-gertu. Modu horretan, erraz ukitzen ditu neuronak, eta, orratzen bidez ematen dizkiegun elektrodoekin, neuronen jarduera erraz neur dezakegu. Neuronarengandik horren gertu egonda, neuronen erantzuna ere berehala eta hobeto neur daiteke.
Beste berezigarririk badute, ordea, botikak ere eman ditzaketelako, ezta?
Bai; bestalde, kanal mikroskopiko batzuk ere txertatu dizkiogu. Elektrodoekin batera, botikak isurtzen duten kanalak ere gehitu dizkiegu orratz horiei. Hortaz, elektrodoak bai, baina sendagaiak ere eman ahal dizkiegu neuronei, ikusteko zein den erreakzioa. Horrek bihurtzen ditu orratzak funtzio askotariko: estimulatzeko eta dispentsatzeko gauza dira.
Alzheimerra eta parkinsona sendatzeko bidean lagungarri izan daitezke?
Bai; merkatuan ez dago halakorik gaur egun, eta honek bihurtzen ditu orratz hauek gaixotasun neurologikoendako erreminta erakargarri. Denok dakigun moduan, alzheimerra eta parkinsona gaitz ezezagunak dira oraindik, baina geroago eta ohikoagoak dira gure artean. Epe luzeko ikerketa aurreikusten da, zerebroa oraindik ere oso ezezaguna delako.
Nori zuzenduta daude txip bidezko orratz mikroskopiko berezi hauek?
Neurozientzialariei. Oraindik ez dira pertsonekin frogatu eta ikerketarako erreminta moduan ulertu behar ditugu. Halere, komertzializatzeko puntuan gaude orain. Horretarako, merkatua ezagutu, aztertu eta identifikatu eta inbertsioa egingo dutenak topatzea falta zaigu.
Non dago merkatua?
Mundu mailan, Europan eta Europatik kanpo ere bai. Hemen bertan sortutako berritasun bat da, baina gure mugak gainditzen ditu. Izan ere, ez dago munduan era honetako beste orratzik aipatu ditudan bi gaitasun hauek dituztenak, dena bateratuta, eskala mikroskopikoan. Zerebroari ahalik eta min txikiena egitea eta neuronak ez akabatzea ahalbidetzen dute orratz hauek.
Ikerlanen sortua da, baina beste erakunde batzuekin elkarlanean?
Berez, hemen, Ikerlanen, garatua da nire doktore tesi moduan, nire zuzendari eta tutorearen laguntzarekin. Baina ikerketan parte hartu dute beste bi erakunde hauek ere: Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC) eta Zaragozako Unibertsitateko Aragoiko Ingeniaritza Ikerketa Institutuak. Izan ere, pentsatu genuen neurologian izan zezakeela aplikazioa, eta horregatik jarri ginen harremanetan CSIC Espainiako erakunde publikoarekin. Erakunde horretako Liset Menendez de la Prida neurologoak esan zigun zer nahi zuen, orratzak zelakoak behar ziren… Nire tutorea, bestalde, Luis Fernandez izan da, Zaragozako unibertsitateko ingeniaria. Bi horien laguntza ezinbestekoa da ailegatu garen tokira ailegatzeko.
Esan genezake, hala ere, zeu zarela orratz hauen ama?
Bai, egia esan, hala da. Azkeneko bost urteotan orratz hauekin ibili naiz. Baina esan behar da, era berean, talde lana ere izan dela eta nire lankideen laguntza ezinbestekoa izan dela.
Zientzialariek frogatu dituzte orratzok?
Liset Menendez de la Pridak berak frogatu ditu, baina orain, beste neurologo batzuek froga ditzatela nahi dugu, eta indarra hartzea ikerketak; hau da, benetako orratzak direla frogatzea, erabilgarriak eta gaixotasunak saihesten laguntzeko tresnak direla ikusteko. Eta, azken helburua, jakina, saltzea da. Patentatuta daude.
Zela komertzializatzen duzue?
Ikerlanen badugu mikrosistemen departamentu bat, eta haiek egingo dituzte orratzak, gero, komertzializatzeko. Hala ere, azken bide hau jorratzeko dago: merkatua aztertu, bezero posibleengana hurbildu, saltzeko moduak ikertu…
Nor egon daiteke orratzok erosteko gertu?
Neurozientzialariak, ikerketan aritzen direnak. Aplikazio asko izan ditzakete, inplanteetarako-eta izan zitezkeen; azkenean, neurozientziara bideratu ditugu.
Zure ametsa da, azkenean, gailu hauek benetan pertsonekin, pazienteekin, erabiltzea?
Orratzek gaixotasunak sendatzen lagundu dutela jakiteak asko poztuko ninduen, jakina.