Gala lirikoa egingo dute apirilaren 25ean Amaia Antzokian

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko martxoaren 19a

Ozenki elkarteak gala lirikoa antolatu du datorren apirilaren 25erako. Abesbatzak eta zarzuela gustuko dutenek opera aria eta erromantza zarzuela onenen pasarteez gozatzeko aukera izango dute. Emanaldia Amaia Antzokian izango da, apirilaren 25ean, eguena, 20:00etan. Sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai, kutxa.net atarian eta Amaiako leihatilan, 15 euroren truke.

Nazioarteko bakarlari onenek parte hartuko dute emanaldian, Isabella Blezien piano jotzailearen laguntzarekin. Gainera, Goikobalu abesbatzak eta Goikobalu gaztek ere parte hartuko dute emanaldian.

Opera eta zarzuela ezagunak


Tosca, La Traviata, Nabucco, Carmen, Bodas de fígaro, La Boheme eta Ballo in Maschera opera ezagunen pasarteak abestuko dituzte; eta baita, Huésped del sevillano, Doña Francisquita, Tabernera del puerto, Dúo de la africana eta Luisa Fernanda zarzuelen pasarteak ere.

Nazioarte mailako abeslariak

Amparo Navarro eta Ana Cadaval sopranoak, Javier Agullo eta Andres Veramendi tenoreak eta Josean Garcia baritonoa izango dira abeslari protagonistak.

Ozenki elkartea

Ozenki elkartea iaz sortu zuten eta ordutik La Boheme eta Carmen opera ekarri dute Arrasatera. Urrira begira Verdiren La Traviata opera  Amaia antzokira ekartzea da Ozenkiren asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak