Handitzeko lanak egin ondoren, sei ikasgela berri gehiago ditu Arrasate Herri Eskolaren lehen hezkuntzako eraikinak, bai eta gimnasio berria eta jolastokirako aterpea ere. Honela, lehen hezkuntzako 440 ikasleentzat 21 gela ditu zentroak guztira. Ikasturte honetan, 21 gela horietatik 19 ari dira erabiltzen, eta 2013-2014 ikasturtean guztiak izango direla martxan aurreikusten da. 1.104.048,19 euroko aurrekontua izan dute lanek.
Haur hezkuntza eta lehen hezkuntza zikloak gehituta, 740 ikasle ditu Arrasate Herri Eskolak 2012-2013 ikasturtean, hiru eraikinetan banatuta.
"Ibilbide gogorra"
Lanen amaiera ospatu eta instalazio berriak inauguratzeko eguna iritsita, Arrasate Herri Eskolako zuzendaria izan da hitza hatzen lehena. Ikasleak zaintzea, harremanak bermatzea edota akademikoki laguntzea dituztela helburu azaldu du, eta gaineratu du horiek lortzeko azpiegiturak garrantzitsuak direla eta uneoro dihardutela horiek hobetzeko lanetan. Azken lanak ipini ditu ahalegin horren adibide moduan, eta ibilibide gogorra izan den arren, orain disfrutatzen ari direla azaldu du.
Hezkuntza sailburuak pozgarritzat jo du ikasle, irakasle eta gurasoekin gaurko ekitaldiaz gozatzeko aukera izatea, hobekuntzak denen onerako direla adierazi du eta, garai zailak izan arren, halako gehiago izan daitezen laguntzen jarraitzeko ahalegina egingo dutela hitzeman du.
Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek herri eskola publiko eta euskaldunaren aldeko apustua berretsi du, Udalaren izenean.
Eta ikasleek, soinuaz eta panderoaz lagunduta, dantzan eta bertsotan ospatu dituzte handitze lanak. "Herri eskola publiko eta euskalduna"