Korrikari ongietorria emateko, herri osoa inplikatuta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko martxoaren 15a

Badator Korrika. Atzo irten zen Andoaindik eta, dena ondo badoa, etenik gabe helduko da Baionara martxoaren 24an. Arrasatera datorren eguenean helduko da, hilak 21, goizaldeko bostak aldera. Beraz, euskararen aldeko martxarekin bat egin gura duten arrasatearrak goiz esnatu beharko dira. Oskar Elizburu erdu AEK-ko zuzendariak halaxe azaldu zuen Arrasate Irratian Korrikaren bezperako egunek sortzen duten zirrara: "Urduri gaude eta, tripetako tximeleten erruz, lo gutxi eginda. Baina pozik ere bagaude, jakina".

Hileko hirugarren zapatuan egiten den baserritarren azokak Korrikarekin bat egingo du bihar. Izan ere, 19 postu egongo dira biharko azokan eta horietako baten Korrikaren materiala erosteko aukera egongo da.

Korrikaren etorrera kalean islatuko den eguna izango da biharkoa: "Jaia kalean egitea pentsatu genuen eta Seber Altube plaza girotzeko hainbat ekitaldi izango ditugu", dio Elizburuk. Goizean goizetik Giokelak saiheski pintxoak jarriko ditu eta 11:00etatik aurrera, trikitilariak, kiliki eta erraldoien konpartsako kideak eta Lore Gazteak zein Txikitxu-Arrostaitz taldeetako dantzariak arituko dira plaza girotzen.

Baserritarren azokan 19 postu

19 postu horietatik bost Arrasateko baserriek jarriko dituzte, lau Debagoienekoek eta beste lau postu Gipuzkoako baserriek. Gainera, beste sei postu ere egongo dira, artisautza produktuak eta baserrirako makinak izango dituztenak, besteak beste. Eta noski, hileroko zozketa ere egongo da.

Egitaraua

Hilak 15, egubakoitza
19:30 Bertso jaialdi berezia, ikasleei begirakoa. Bertsozale elkartearekin batera, Kulturateko areto nagusian. Sarrera irekia.
hilak 16, zapatua
Korrika Jaia Seber Altube plazan
11:00 Trikitilari eskolakoen emanadlia.
12:00 Erraldoi eta kilikien konpartsa.
13:00 Dantzariak.
13:30 Argazki erraldoia.

Goizean zehar: Korrika postua baserritarren azokaren barruan. Sahieski pintxoak, ardoa eta sagardoa Giokelaren eskutik.

Hilak 17, domeka
09:00 Arrasateko mugarriak ezagutzen mendi irteera gidatua. Amaitzerakoan salda eta txorizoa.

Hilak 20, eguaztena
Korrika Txikia
15:00 Ibilbidea tronkomobilarekin.
16:00 Txokolate-jana, karaokea eta jolasak, Txatxilipurdiri esker.

Hilak 21, eguena
Korrikaren etorrera
05:00 Korrikari ongietorria: Zigarrolan suziriak; Portaloian, antortxak, txalaparta eta bengalak; Monterronen, traka. Ondoren, gosaria.

Hilak 22, egubakoitza
22:00 Esne Beltza taldearen kontzertua gaztetxean, Kooltur ekimenarekin elkarlanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak