Santanderrera bihar, lehen sailkatua menderatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko martxoaren 15a

Universidad de Cantabria liderraren etxean jokatuko du bihar  (15:30) Arrasate Rugbi Taldeak. 35 puntu dituzte kantabriarrek eta arrasatearrak bost puntu eskasera daude, sailkapeneko hirugarren postuan.

Hiru partidu geratzen dira txapelketa ofiziala amaitzeko eta Igor Isasi entrenatzailearen arabera, biharko aurkaria "ona eta sendoa" da: "Unibertsitatekoak dira eta beraz, kanpotik jende ona etortzen zaie. Aurten, adibidez, Ingalaterrako talde bateko jokalari bat dute, goi mailakoa. Gure mailan izugarri nabarmentzen da; hemen ere unibertsitatea badago baina ez zaigu halako jokalari bat etorriko...".

Zaila bai, baina ezinezkoa ez

Arrasate Rugbi taldea azken bi partiduak irabazi ostean helduko da Santanderrera. Hala ere, justu dabiltza jende aldetik: "Hainbat lesionatu ditugu, ezkontza duten bi jokalari daude eta kanpora ere badoa beste bat. Nahiko justu joango gara eta ezin daiteke larregi eskatu. Hala ere, jokalari bakoitzak bere lana ondo egiten badu, hor egongo gara. Galdu egiten badugu ere, gure lanarekin gustura etortzea izango da helburua". Ezin da ahaztu joaneko partiduan kantabriarrak 15 jokalarirekin etorri eta irabazi egin zutela.

Hurrengo aste bukaeran Independiente Bathco taldearen aurka jokatu dute etxean eta liga amaitzeko, apirilaren 6an, Elorrioko taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Joanekoan, Arrasaten irabazi egin zuten; errebantxa gosea dute arrasatearrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak