Bihar 10:00etan elkartuko dira Mojategin –bi txanda egingo dituzte–, atletismoko bost proba ezagutzeko: vortex delakoaren jaurtiketa, altuera jauzia, luzera jauzia, 50 metroko lasterketa eta errelebo proba. Talde ezberdinetan banatuta, probak txandakatzen joango dira eta amaitzeko, guztiek batera, errelebo proba egingo dute.
Leintz bailarako ikasleak
Eguraldiak laguntzen badu saio bakoitzean 100 neska-mutiko baino gehiago etortzen direla dio Zufiriak: "Arrasatekoez gain, Leintz bailarako neska-mutikoak etortzen dira, baita Otxandiotik ere". Athlon kooperatiba arduratzen da saio horiek antolatzeaz baina Arrasate Atletiko taldekoek ezinbesteko laguntza ematen diete: "Athloneko begiraleak arduratzen dira neska-mutikoak zaintzeaz; guk, berriz, behar dituzten azalpenak ematen dizkiegu".
"Bat korrikan nabarmentzen den bitartean, besteak altuera jauzia nahiago. Denak gustura"
Gaztetxoek ederto pasatzen dute: "Atletismoa esperientzia berria izaten da gehienendako eta probak denetarikoak direnez, guztiek gozatzen dute. Bat korrika egiten nabarmentzen den bitartean, besteak nahiago du altuera jauzia, esaterako. Finean, denak gustura", dio Zufiriak. Gipuzkoa osoan egiten dira halako saioak, beti ere atletismoa gaztetxoen artean zabaltzeko asmoz.