Maite Iturbe, EiTB taldeko zuzendaria, gaur 'Magazinea' saioan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko mar. 12a, 12:53

Eguenean Gasteizko Legebiltzarrean erabateko gehiengoa lortuta, Maite Iturbe arrasatearrak hartu du EiTB taldeko zuzendari kargua eta ekin dio egiteko berriari. Gaur, martitzena, 20:24an, Txomin Madinak elkarrizketa egingo dio: kargua nola hartu duen kontatuko digu arrasatearrak, bere lehentasunak zeintzuk diren azalduko digu eta EiTBren gaur egungo egoera ere izango dugu hizpide. Era berean, EiTBren Administrazio Kontseiluak bere lehen aurrekontu proposamena atzera bota izanari buruz, izendapen berriei buruz eta tokiko hedabideei ematen dieten garrantziari buruz ere galdetuko diogu.

EiTBko Administrazio Kontseiluak atzera bota zuen atzo, astelehena, zuzendari berriak aurkeztutako aurrekontua. Aldeko bederatzi boto (EAJrenak eta hiru eragile sozialenak) eta kontrako zazpi (EH Bildu, LAB eta PPrenak) jaso zituen, eta hiru ordezkari sozialistak abstenitu egin ziren; ez zituen, beraz, beharrezko zituen aldeko bi herenak lortu. Atzoko bozketa ez da loteslea, baina bai bete beharreko tramitea, eta proiektua Eusko Jaurlaritzara bideratuko dute orain.

Iturri ezberdinek berri eman dutenez, kontrako bozka eman zutenek adierazi zuten ez dutela nahikoa denbora izan aurrekontu proposamena aztertzeko eta dokumentuak "datu gutxi" ematen dituela, gainera. Eta EH Bilduko ordezkariek gehitu zuten "Euskadik behar duen telebista publiko ereduaren gaineko hausnarketa falta" dela.

Izendapenak

EiTBko zuzendari nagusi Maite Iturbek gertuen izango duen taldean nortzuk izango diren ere argitu zuen atzoko bileran: Pello Sarasola izango da Euskal Telebistako zuzendari berria; Odile Kruzeta, EiTBko irratietako zuzendaria eta editorialaren koordinatzailea; Jesus Elgezabal, EiTB taldeko kudeatzailea; Andoni Aranburu, Estrategia eta Komunikazio zuzendaria; Maite Amundarain, Euskal Telebistako albistegietako zuzendaria; Gorka Garcia, ETBko programen eta sail artistikoaren zuzendaria; Iñaki Guridi, taldeko irratietako zuzendariordea; Arantxa Garcia eta Aritz Agirre, Radio Euskadiko eta Euskadi Irratiko albistegietako buruak; eta Jesus Barredo, Radio Vitoriako eduki arduraduna.

Karguok betetzeko izendatutako pertsona guztiek denbora daramate EiTB taldean lanean, adierazi dutenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak