Nolako azoka egin gura den jakiteko proposamenen lehen fasea amaituta, azoka birpentsatzeko egitasmoa gauzatze-fasean sartu zen 2012ko azaroan. Orain bilera irekia deitu dute hilaren 19rako: lantalde ezberdinen artean proiektuak partekatzea eta ekimenari irudi eta izen bateratu bat emateko lehiaketa publikoa abiatzea izango dira bilera horren helburu nagusiak. Izan ere, azoka hedatzeko markaren beharra ikusten dute sustatzaileek. Hala, pozesuan parte hartzen ari direnei izen bat proposatzeko mezua bidali zaie; oraindik ez dute zehaztu zein prozesu jarraituko duten izena aukeratzeko.
Orain arteko urratsak
Bestalde, bigarren fase honetan egindako urrats txiki batzuen berri ere eman du Bagarak. Adibidez, umeendako txokolate-janak egin dira azokan. Udalari baimena eskatuta –BAZen egin behar da eskaera–, 2012 azaroan eta 2013ko otsailean egin dira halako ospakizunak.
Era berean, azokako egungo erabiltzaileekin zenbait bilera egin dira ekimena praktikan martxan jarri aurretik premia larrienak asetzeko. Bilera horiei esker zenbait arazo konpondu dira edo konpontzear daude, hala nola, azoka egunetan hiri autobusa azokan bertan geratzea, itoginak konpontzea eta zamalanetarako ordutegia arautzea.
Azoka Eguna apirilaren 13an
Horrez gain, apirilaren 13an Azoka Eguna egingo dutela iragarri du Bagarak. Hiru helburu ditu ospakizunak: azokaren espazioa erabilgarria dela frogatzea, azoka berriaren ideia multifuntzionala irudikatzea eta prozesuaren atzean zenbat jende dagoen erakustea. Izan ere, 400 bat lagun ari dira parte hartzen.
Oraindik ez dute egitaraua zehaztu baina aurreratu dutenez, honako ekintzak egongo dira: toberaren saio motz bat, musika emanaldi batzuk, umeendako tailerrak, ipuin kontaketa saioa, txokolate-jana Harreman erakundearen eskutik, serigrafia tailerra gaztetxekoen eskutik eta Amaia Albes diseinatzaile arrasatearrarren desfile bat –herritarrek hartuko lukete parte desfilean; 20 bat boluntario badaude dagoeneko–, besteak beste.
Erronka nagusiak etorkizunera begira
Labur esanda, honakoak dira bigarren fase honetarako erronkak: zehaztea zer joango den eta zer ez, nola kudeatuko den espazioa, zein diseinu arkitektoniko izango duen eta finantziazioa nola gauzatuko den. Uztailean emango zen amaitutzat bigarren fase hau.