Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek jakinarazi duenez, Arrasateko zentro berri honek 20 erabiltzaileentzako edukiera izango du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 592.264 euroko inbertsioa bideratu du, lokala egokitze aldera.
Gune ezberdinak
Zentro berria gune ezberdinetan banatuta dago: jarduerak burutzeko gela, jantokia, atseden hartzeko gunea, sukalde terapeutikoa, pare bat bulego, biltegia eta langileentzako aldagela, aire girotua eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako igogailuaz gain.

Ohiko funtzioak betetzeko "mugatuta"
Arrasateko zentroaren erabiltzaileek 18 eta 60 urte bitarteko adina daukate, eta buruko gaixotasun kroniko larriren bat diagnostikatuta. Gaitz hauek, eskizofrenia edota depresioak, besteak beste, eguneroko bizitzan ohikoak diren funtzioak betetzea mugatzen diete gaixoei.
"Gaixoa zentro psikiatrikoan artatua ez izatea da eguneko zentro hauen helburu nagusia", esan du Rodriguezek, "ahal den neurrian eta erarik autonomoenean gaixoa bere ingurunean mantenduz, bere integrazio soziala eta bizi kalitatea sustatuz". Horretarako, gaixotasunaren inguruko kontzientzia, tratamenduaren gestioa eta jarraipena, autonomi ekonomikoaren gestioa edota pertsonen arteko erlazioen esparruak lantzen dira. "Azken finean, helburu nagusia da norberarentzako arreta soziosanitario integrala eta errehabilitatzailea eskaintzea", esan du Gizarte Politikako diputatuak.
Familiak izan dezakeen "gainkarga arintzen"
Eguneko egonaldietarako errekurtso honek, gainera, gaixoa zaintzerako orduan familiak izan dezakeen gainkarga ere arintzen du. Izan ere, era honetako zentroetako tratamenduek hiru esparru dituzte: indibiduala, familiarra eta soziala:
- Lehenengo kasuan, errehabilitazio psikosozialean aurrera egiteko tratatua izaten da gaixoa, autonomia maila handitu, funtzionaltasun mugak konpentsatu eta zentro psikiatrikoan artatua izan dadin saihesteko.
- Familiari dagokionez, bizikidetza hobetze aldera, senitartekoek informazio, aholkularitza eta babesa jasotzen dute.
- Azkenik, eremu sozialean, erabiltzailea parte hartzeari zuzendutako ekintzak egitera bideratzen da, bazterketa eta isolamendua saihesteko.
Eskaera egiteko
Errehabilitazio psikosozialerako zentroetako erabiltzailea izateko, eskaera udaletxeetako zerbitzu sozialetan egin beharra dago, edota Osakidetzak lurraldean dituen buruko gaixotasunentzako zentroetan.
Gaur egun, Gipuzkoako egoitza eta etxebizitza ezberdinetan, buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzako 169 plaza hitzartuta daude; eta beste 228, lurraldean zehar dauden ondorengo herrietan: Irun (30 plaza), Eibar (22), Arrasate (20), Donostia (96), Beasain (20), Tolosa (20) eta Azpeitia (20).

