Hezkuntza Berezia ikasi eta orain keinu hizkuntzan espezializatzen ari zara. Zerk motibatu zintuen adar horretatik jotzeko?
Betidanik izan dut jakin-mina komunikazio mota honen inguruan. Unibertsitatean negoenean hasi ginen gaia lantzen, hezkuntza bereziarekin lotura oso estua duelako.
Nolakoa da, orokorrean, jendeak duen ikuspuntua keinu hizkuntzarekiko?
Jendeak zerbait bitxia dela pentsatzen du. Beti galdetzen didate nola esaten den zerbait keinu hizkuntzan. Hizkuntza oso polita eta bisuala da eta horregatik pizten du jendearen arreta.
Egunerokoan erabilerarik ematen diozu keinu hizkuntzari?
Eskoletan eta ikaskide batekin, gehienbat. Duela hilabete eta erdi hasi nintzen Aspaceko eguneko zentroan, denbora libreko taldean boluntario. Bertan gazte gor bat dago eta harekin praktikatzen dut. Udalekuetan ere, haur gormutu batzuekin tratatzeko aukera izan dut. Hala ere, kolektibo honekin harreman gertuagoa izatea gustatuko litzaidake.
Ze motatako praktikak egiten dituzue eskoletan?
Hasieran, hitz solteak ikasi genituen oinarrizko elkarrizketa bat izateko, eta gero, poliki-poliki, gaika hasi ginen hiztegia jorratzen. Eskolak nahiko dinamikoak eta eramangarriak dira eta izugarrizko protagonismoa dugu. Jendearen aurrean banakako nahiz taldeko ariketa asko egiten ditugu: elkarrizketak, antzerkiak... Lotsa txikia izan behar dugu horretarako. Gainera, oraingoa izan ezik, gainontzeko irakasle guztiak gormutuak izan dira eta ezin izan dugu ahozkotasuna erabili eskoletan. Honek asko ahalbidetzen du ikasketa prosezua, beharrezkoa delako eskuekin, keinuekin eta gorputzarekin komunikazio hau bideratzea.
Zaila da keinu hizkuntza ikastea?
Bergaran hasi nintzen ikastaro txiki batean eta hutsetik hasi ginen. Nik uste dut hizkuntza hau ikasteko gogoa duen edonor gai dela keinu hizkuntza benetan menperatzeko. Ez da samurra, baina eskolak dinamikoak dira eta hizkuntza bera oso bisuala da, eta apurka-apurka fruituak jasotzen dira.
Geografikoki desberdina da keinu hizkuntza. Badago komunikatzeko sistema internazionalik?
Ez, ez da hizkuntza unibertsala. Niri asko kostatuko litzaidake Amerikako gormutu batekin komunikatzea, baina, gormutuek gorputzarekin daukaten komunikatzeko berezko gaitasun horrekin, bizpahiru egunean elkarrizketa normal bat izateko gai izango lirateke. Komunikazioan hitzek %20 betetzen dute; keinu hizkuntzan keinuak, aurpegia eta mugimenduak erabiltzen dira, eta hau bada nahiko unibertsala. Askotan, gehiago esan daiteke keinuekin hitzekin baino.
Gizarteak ikasi beharko lukeen funtsezko hizkuntza dela uste duzu?
Bai. Ez dut esaten denok izugarrizko maila izan behar dugunik. Zaila izan daiteke gizarte hizlari batean bizi garelako, baina nik uste dut minimo bat ikasteak beharrezko izan beharko lukeela. Gainera, nik dakidanez, hizkuntza hau ikasten hasi den orok gustuko izan du, oso entretenigarria baita.
Hezkuntza munduan sartuta zaude. Uztartuta dago keinu hizkuntza hezkuntza sisteman?
Hor dezente dago egiteko. Eskoletan ez da askorik uztartzen ikasle gormutu bat ez dagoen arte; orduan hasten dira zerbait lantzen. Hezkuntzan, keinu hizkuntza gehiago landu beharko lukete; sikiera, elkarrizketa minimo bat izateko.