Arrasateko hiri autobusa San Josepe auzora helduko da gaurtik; herri guneko auzo bakarra da oraindik urbanoa heltzen ez zena. Era berean, udal azokan geldiuneak egingo ditu eguaztenetan eta egubakoitzetan, hau da, azoka egunetan. Kasu honetan helburua da azokaren erabilera bultzatzea, bertarako sarbidea erraztuz.
Azkenik, Arrasate Instituturako zerbitzua mantentzea erabaki du Udalak. Izan ere, Institutuko ordezkariek eskatu zuten ordura arteko ordutegiak moldatzea, ikasleen beharrak ez zituztelako asetzen. 2012ko urritik abendura esperientzia pilotu moduan zerbitzua osatu egin zen eta kostuaren diferentzia Institutuak ordaintzea adostu zuten. Bada, zerbitzu horrek "nahikoa erabiltzaile" dituela ikusita, Udalak erabaki du zerbitzu bereziarekin jarraitzea.
San Josepe auzora urbanoa eramateak 9.196 euroko kostua izango du urtean eta zerbitzu osoaren ordutegi eta ezaugarri berak izango ditu. Azokako geltokiak, berriz, 1.094 euroko gastua suposatuko du urtero autobusa eguazten eta egubakoitzetan pasako da bakarrik, 09:00etatik 13:00etara.
Gastu hori Bagara Udalarekin batera gauzatzen ari den Azoka biziberritzen proiekturako partidaren barruan kokatzen da. San Josepekoa eta Institutukoa garraio publikora bideratuko partidaren barruan dago. Azkenik, Instituturako zerbitzu bereziak 3.874 euroko gastua suposatuko du urtero.