Aramaioko Arriola auzoan jaiotakoa, gaztetan joan zen Felisa Axpe Arrasatera Elma enpresako jabeen etxean serbitzatzera. 1935ean Felipe Yarza ebanista oñatiarrarekin ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituen berarekin. Ferrerias kalean bizi izan da luzaroan, iaz iturbide egoitzara heldu zen arte.
Omenaldi beroa jaso du egoitzan bertan gaur goizean eguneko meza bereziaren ostean egindako ekitaldian, eta bertan, besteak beste, loreak eta zapi eder bat jaso ditu opari; tartean Arrasateko alkate Inazio Azakarragaurizarrek eta zinegotzi Amaia Larrañagak eroandako lore sorta.
Pozik, gustura eta esker oneko hitzekin hartu ditu Felisak familiakoen, lagunen eta udaleko ordezkarien bisita. 100 urtera heltzeko sekretua zein den azaltzeko lan asko egin duela kontatu digu, eta nola ospatuko duen galdetuta, pastelen bat edo beste jango dituztela azaldu digu senideetakoren batek. "Pekatutxoa egingo dugu gaur" aitortu digu omenduak. Zorionak Felisa!