Euskarazko kanalak indartzea izango da Maite Iturberen lehentasunetako bat

Goiatz Arana Begiristain 2013ko mar. 7a, 12:53

Eusko Legebiltzarrak goizean onartu du Maite Iturberen hautagaitza EiTBko zuzendari nagusi kargurako eta, izendapena jaso berri, esku artean dituen asmoak aurreratu ditu Arrasatekoak: "Aldaketa dramatikorik gabeko kudeaketa" iragarri du eta, euskarazko kanalak indartzearekin batera, albistegien "independentziari eustea" eta entretenimendu modu berriak topatzea izango dira bere lehentasunak. Gaineratu du ohorea dela berarentzat zuzendaritza hartzea, bere etxea bezalakoa delako EiTB.

Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak erakunde publikoaren kudeaketa "zorrotza" izango dela aurreratu du, aurreko legegintzaldietan baino "baliabide askoz gutxiago" izango dituztelako. Nolanahi ere, ez dela "aldaketa dramatikorik" egongo eta ez duela ezer "itxiko" gaineratu du.

Aldeko 43 boto; kontrako, 22

Eusko Legebiltzarrean egin du agerraldia Iturbek, EAJren eta PSE-EEren babesarekin Ganberako osoko bilkurak EiTBren zuzendari nagusi izendatu eta gero. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu dute (43 boto); EH Bilduk eta UPDk, aurka (22); eta PP abstenitu egin da. EiTBko zuzendari nagusi berriak datozen lau urteetan aurrera eramango duen proiektua ez dutela ezagutzen argudiatu dute kontra bozkatu dutenek. Gaurko legebiltzarreko tramitea igarotzea besterik ez zitzaion falta irrati eta telebista publikoko zuzendari nagusia izateko.

Astelehenean batzartuko da Administrazio Kontseilua

Zuzendari berriak azaldu duenez, bere lehentasunak euskarazko kanalak indartzea, albistegiek "independenteak eta profesionalak" izaten jarraitzea eta entretenimendu modu berriak topatzea izango dira.

Iturbek ez du zehaztu nolakoa izango den EiTBren aurrekontuen murrizketa, ezta nortzuk izendatuko dituen zuzendaritzan ere, informazio hori EiTBko Administrazio Kontseiluari eman nahi diolako, lehenik eta behin; Administrazio Kontseilua astelehenean batzartuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak