Gaur bost urte hil zuen ETAk Isaias Carrasco

Goiatz Arana Begiristain 2013ko martxoaren 7a

Gaur, martxoak 7, bost urte bete dira ETAk militante sozialista arrasatearra hil zuela, eta PSE-EEk omenaldia eskainiko dio, zapatuan; 12:00etan izango da ekitaldia, eraila izan zen lekuan bertan, San Andres auzoko Navas de Tolosa kalean; lore eskaintza egingo diote. Ekitaldian parte hartuko dute Sandra Carrasco, Isaias Carrasco zenaren alabak; eta Iñaki Arriola, PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak. Orain bost urte, horrela jaso zuen albistea Goienak.

2008ko martxoaren 7an hil zuten Arrasatekoa. Lanera joateko etxetik irten eta autora sartu berri zenean tirokatu zuten ETAko kideek; hiru bala jaso zituen etxe atarian, senitartekoen aurrean. Eguerdiko ordu bietarako minutu gutxi batzuen faltan ingresatu zuten Arrasateko Ospitalean, baina ezin izan zuten ezer egin, berehala hil zen.

Eragina hauteskundeetan

Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan gertatu zen erailketa, botoa ematera joateko bi egunen faltan. Gertaeraren ondorioz, alderdi politiko guztiek bertan behera utzi zituzten hauteskunde-hitzordu guztiak. Hauteskundeetan Zapatero atera zen garaile eta sozialistek boto zaparrada lortu zuten, Arrasaten, Debagoienean eta EAEko hiru lurraldeetan lehen indarra izateraino.

Zinegotzi Arrasaten

Carrascok AP-1ean egiten zuen lan, Bidelanerako, Bergara hegoaldeko ordainlekuan. 2003ko ekainetik 2007ko maiatzera arte izan zen zinegotzi Arrasaten. 2007ko Udal hauteskundeetan seigarren postuan aurkeztu zen Arrasateko sozialisten zerrendan; ez zuen zinegotzi kargua lortu.

Isaias Carrascok 42 urte zituen eta hiru seme-alaba: Sandra, Ainara eta Hadei.

Ondorioak

Atentatuak zirrara sortu zuen Arrasaten eta euskal jendarte osoan, oro har; eta 2008ko hauteskundeetan eragin zuzena izateaz gain, ondorioak izan zituen Arrasateko Udalaren eta udalbatzaren ondorengo jardunean ere. Mozio etiko istilutsu eta mediatikoak eztabaidatu ziren Arrasaten ez ezik gainerako herrietan ere.

Ino Galparsoro alkateak kartzelan eman zuen epealdi bat atentatua ez gaitzestearren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak