Zer dela-eta hasi zinen Lanbide Heziketa ikasten?
Batxilergotik zuzenean Lanbide Heziketara salto egin nuen. Arlo industrialeko ziklo hau egiten hasi aurretik goi mailako beste bi ziklo nituen eginak: Diseinu Grafikoa eta Argitalpen Produkzioa.
Zerk bultzatu zintuen Lanbide Heziketa ikastera?
Ikasitako arloan ez nuenez lanik aurkitzen, mantenu arloko ziklo hau egitea erabaki nuen. Betidanik gustatu izan zait gauzak muntatu eta desmuntatzea, eta, inguruan enpresa industrial asko daudenez, banekien lana aurkitzea errazagoa izango zela.
Zein ezaugarri ditu Ikasi eta lan ikasketa modalitate berezi honek?
Zikloa ikasi bitartean, lanean ibili naiz Fagor Arrasaten. Goizez ikasi eta arratsaldez lanera. Sei ikasle ibili gara. Eskolaren eta Fagorren arteko programa bat da, eta, egia esan, asko eman dit. Eskolan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera eskaintzen du, baina, batez ere, lanerako eskatzen diren jarrerak ikasten dira: ardurak hartzen, taldean lan egiten…
Eta praktikarik egin duzu?
Bi aukera genituen: praktikak ohiko moduan egitea edo Fagorren urtebeteko kontratua egitea ohiko langile moduan, eta bukatzean praktikak baliozkotzea. Guztiok aukeratu genuen bigarren aukera hau. Perutik bueltatu berri naiz, makina bat muntatzetik. Apirilean, urtea betetzean, titulua jasoko dugu.
Zer egin zitzaizun gogorrena?
Gogorrena lana eta ikasketak bateratzea izan da, eskolako lanak egiteko denbora laburra izaten nuelako. Baina irakasleek malgutasunez jokatzen zuten lanean ari ginenokin.
Zer azpimarratuko zenuke Lanbide Heziketatik?
Ikasketa hauek interesgarriak dira, oso arlo zabala hartzen dutelako: pneumatika, hidraulika, mekanika, instalazioa, mantenua, eta abar. Eta gainera, lanerako gertatzen zaituzte.
Arlo profesionalean onurarik izan al du Lanbide Heziketako ikasketak egin izana?
Bai, noski. Ikasten ari nintzela egun erdiz eta azken urtean egun osoz lanean ibili naiz benetako enpresa batean. Apirilean kontratua bukatzen zait eta titulua eskuratuko dut. Bertan jarraitzeko esperantza daukat.