Arrasatear bat EITB zuzentzeko

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko martxoaren 4a

Maite Iturbe arrasatearra izango da EITBko zuzendaria. Hala hitzartu dute EAJk eta PSE-EEk, sozialistek Jaime Otamendi kargu horretarako baztertu eta Mikel Arregik karguari uko egin ondoren. Maite Iturbek 30 urte daroatza EITBn lanean, ia sorreratik. EITB taldeko Produkzio zuzendari da gaur egun eta Miramonen egiten du lan, Donostiako EITBren egoitzan.

EAJk proposatu du Iturbe eta PSE-EEk onartu egin du hautagaia. Baina Legebiltzarrak onartu beharko du orain. Jaurlaritzak erabateko gehiengoa ziurtatuta dauka, EAJ eta PSE-EEren botoekin. Martitzeneko Gobernu Kontseiluan onartuko du Eusko Jaurlaritzak Maite Iturbe EITB taldea zuzentzeko.

Maite Iturbe Mendialdua (1959) bere jaioterrian, Mondragoen, bizi da gaur egun. Ezkonduta dago eta hiru seme ditu. Enpresa Zientzietan lizentziaduna da. Ikasketak egin zituen Oñatin, ETEOn (gaur egin Enpresagintza), lehenengo, eta EHUn, ondoren. Enpresen Zuzendaritza eta Administraritzan masterra dauka.

1981 eta 1984 artean Eusko Jaurlaritzan jardun zuen. Euskara sailburuordetzan, lehenbizi, eta Hezkuntza sailean, ostean.

1984an sartu zen, oposizio bidez, EITB taldean eta 1991tik da Produkzio zuzendaria. Urte hauetan guztietan, batik bat produkzioaren alorrean jardun du EITBn.

Beste arrasatear bat EITBren Administrazio Kontseiluan

Beste arrasatear bat, Edorta Arana, EITBren Administrazio Kontseiluko kide izango da LABek proposatuta. Edorta Arana, EHUko irakaslea da Kazetaritza fakultatean, Leioan, eta, horretaz gain, Goienako Errektore Kontseiluko kidea ere bada. EITBren sorreran kazetari jardundakoa da. Gaur egun Leintz Gatzagan bizi da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak