Berdintasunaren bidean, denetariko ekintzak Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko martxoaren 4a

Urtero moduan, Udaleko Berdintasun Sailak eta Emakume Txokoak egitarau berezia antolatu dute Martxoaren 8ari begira. Emakumearen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko aukeratu duten leloa argia da oso: Feminismoaren bidetik, emakumeak libre!. Lelo horrekin irtengo da egubakoitzeko manifestazioa Seber Altube plazatik (19:00). 

Ekintzak bihar hasiko dira eta egitaraua jardunaldi feministek itxiko dute apirilaren 19an eta 20an. Izan ere, zapaturako aurreikusita zegoen Komunikabideak eta boterea. Irakurketa feminista bat tailerra ez zen egin jende faltagatik. Hala ere, antolatzaileek aurreratu dute tailerreko gidari izan behar zen Arantza Santesteban apirileko jardunaldi feministetan egongo dela.

Dokumental interesgarria bihar

Aste honetako ekintzei erreparatuz, bihar Mariposas en el Hierro dokumentala eskainiko dute Kulturaten (19:30). Berttha Gaztelumendi kazetari ospetsuaren obra da eta bertan hainbat indarkeria motaren biktima izan diren emakumeen testigantzak biltzen dira. Dokumentalean parte hartzen duten emakume guztiek helburu komuna dute: indarkeria gainditzea eta bake zein justizian oinarritutako etorkizuna lortzea. Sufrimendutik itxaropenera egindako bidaia da filma.

ETAren indarkeria, indarkeria instituzionala, indarkeria matxista eta emakume etorkinek edo etxetik kaleratutakoek bizi duten gaiak jorratzen dira, besteak beste.

60 postu zapatuko azokan

Egubakoitzeko manifestazioaz aparte, zapatuan bi ekintza garrantzitsu egingo dira. Batetik, Seber Altube plazan emakume artisau eta baserritarren azoka egingo da: "Eskaintza ahalik eta zabalena izaten saiatu gara eta horren arabera antolatu ditugu postuak", dio Amets Beltran de Gebara Emakume Txokoko dinamizatzaileak. 60 bat postu espero dituzte goizeko azoka horretan.

Egun berean egingo da Takarraran lasterketa, 12:30ean. Aurrez izena emateko hiru aukera daude: Emakume Txokoa, BAZ edo kiroldegia. Hala ere, egunean bertan izena eman ahalko da, 12:00etara arte.

Egitaraua:

Martxoak 5, martitzena: Mariposas en el hierro dokumentala. Osteko solasaldia, Arantza Urkaregi eta Ainhoa Aznarezekin, euskaraz eta espainolez. Kulturateko areto nagusian, 19:30ean.

Martxoak 8, egubakoitza: Manifestazioa Feminismoaren bidetik, emakumeak libre! lelopean. Seber Altube plazatik irtengo da, 19:00etan.

Martxoaren 8tik 22ra: Martxoaren 8ko kartel ezberdinen erakusketa Emakume Txokoan.

Martxoak 9, zapatua: Emakume artisau eta baserritarren azoka, goizetik eguerdira bitartean Seber Altube plazan.

Martxoak 9, zapatua: Takarraran emakumeen lasterketaren bosgarren edizioa 12:30ean. Portaloitik irtengo da eta egunean bertan izena emateko aukera egongo da.

Martxoak 16, zapatua: Pantojismo o arrebato personal izeneko tailerra, Belen Nevadoren eskutik. Izena emateko, deitu Emakume Txokora (943 79 41 39).

Apirilak 19 eta 20: Jardunaldi feministak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak