Karrikiri, 160 urte eta makina bat istorio

Jon Berezibar 2013ko martxoaren 4a

"Karrikiri dendak zehazki zenbat urte dituen ezin da jakin, XIX. mendearen seigarren hamarkadan izan ziren zenbait zirkunstantziak data zehatza jakitea zailtzen dute-eta". Halaxe dio Jose Mari Velez de Mendizabal historialariak. Hala ere, jakin badakigu Arrasateko saltokirik adintsuena dela. Aurten 160 bat urte beteko ditu.

Karrikiri familia

Karrikiri (r bakarrarekin) nafar jatorrizko sendi baten abizena da. Aurreneko kidea XIX. mendeko lehen hamarkadan heldu zen Arrasatera. Pedro Jose aramaioarra, Maria Andresa Gorosabel garagartzarrarekin ezkondua. Florentzio semea (Aramaio, 1810) Arrasaten bere etxea izan zuen lehen karrikiritarra izan zen. Etxe hori Erdiko kaleko 40. zenbakikoa da; hain zuzen ere, Karrikiri dendaren eraikina. "Zenbait idazkiren arabera, Florentziok 1844an erosi zuen eraikin osoa. Badirudi, nahiz eta daturik ez dudan jaso, Karrikiriren lehen denda Zarugalde kalean egon zela", dio Velez de Mendizabalek.


Lehen karrikiritar arrasatearra

Florentzio Gasteizera joan zen bizi izatera eta Bartoloma alaba nagusiaren esku utzi zuen Arrasaten zeukan jabegoa. Bartoloma da, hain zuzen, Arrasaten jaio zen lehen karrikiritarra, 1839an. Baina etxearen jabetza ez zitzaion modu zuzenetik heldu, senarraren bidez baizik. Gaspar Baltasar Resusta Altunarekin ezkondu zen Bartoloma, 1862an. Almacenes de Cerrajeria enpresako buru Jose Maria Resustaren anaia zen Gaspar, eta harekin egiten zuen lan. 1864an, Florentziok zeukan etxeko hipotekaren zati bat Gasparrek kitatu zuen eta gainerakoa bere gain hartu zuen. Horrela, Florentziok bere suhiari aldatu zizkion ezkerraldeko denda eta solairu bereko beste areto batzuen jabetza. Salmenta horiekin, Florentziok lehen bi hipotekak kitatu zituen eta etxearen eskuinaldeko jabetza mantendu zuen. "Alde horretan Florentziok beste denda bat zeukan, hipotekako idazkitik ondoriozta daitekeenez", dio Velez de Mendizabal historilariak.


Gaspar Resustaren heriotza

1873an zendu zen Gaspar Resusta. Testamentuan, anaia Jose Maria izendatu zuen betearazle. Eta Bartoloma seme-alaben erantzukizun osoarekin geratu zen, Jose Maria koinatuaren laguntzarekin. Horrela, Resustak eta Miguel Madinabeitiak –biak koinatuak, Madinabeitiaren arrebarekin ezkonduta baitzegoen Resusta– hitzarmen bat sinatu zuten. Horren bidez, Resustak bere denda Madinabeitiari transferitu zion, bi urterako. "Zehazkizunen arabera, Florentzio Karrikirik izenpetutako hipotekako denda eskualdatu zen. Eta 1875ean, Madinabeitiak itzuli egin zizkion denda eta salgai zituenak".


Bartoloma Karrikiri

1881eko abenduan, etxearen eskuinaldeari 20 bat urte lehenagotik zegokion hipoteka kitatu zuen Bartolomak, baita etxe osoaren jabetza bereganatu ere, dendaren titularitatea barne. Resusta sendiaren partaide izateagatik Bartolomak goi kontaktu ugari zituen eta negozioaren oinarri sendoak jarri zituen. Hiribilduko gunerik estrategikoenean kokatuta, denda pertsonaia ugariren topaleku ere izan zen. "Kasu horretan jarri behar da, adibidez, Bartolomak Pablo Uranga pintorearekin izan zuen adiskidantza". Bartolomari bere seme Ziprianok hartu zion lekukoa: Zipriano Resusta Karrikirik, alegia.


Karrikiri, eta ez Karrikirri

"Oraindik gaur egun gutariko askok pentsatzen dute deitura hori gaitzizena dela. Gertatzen dena da Karrikiri abizenaren kokapena gero eta urrutiago geratzen ari dela sendiarenekoen artean", dio Velez de Mendizabalek. Dolores Resusta Olañetak (1896) jarraitu zuen Ziprianoren negozioarekin. Anizeto Arantzabal Gantxegirekin ezkondu zen Dolores. Haien seme Roberto Arantzabal Resusta izan zen Karrikiri dendako bosgarren belaunaldia. Julia Soto Albisurekin ezkonduta, erretiroa hartu ondoren, Alaba Arantza da dendaren jabea.

 

Seigarren belaunaldia

Gaur egun, Arantza Arantzabal Soto da Karrikiri dendako ardura daukana. Arantzaren hamaikagarren abizena da Karrikiri. "Nik Zuzenbidea ikasi nuen, baina, gurasoen erretiroa heldu zenean, negozioarekin jarraitzea erabaki nuen. Txikitatik denda hau nire bizitzaren parte izan da, baita familiarena ere. Betidanik ikusi ditut gurasoak eta amama Dolores jo eta ke hemen lanean. Azken finean, historiarekin jarraitzeko erabakia hartu nuen", dio Arantzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak