Zifra gehiagok ematen dute Copreciren egoera onaren berri: gas-sukaldeetarako 50 milioi txorrota baino gehiago eta garbigailu eta ontzi-garbigailuetarako 14 milioi ponpa baino gehiago egiten ditu urtero; horrez gain, indukziozko sukalde-gainetarako, berogailuetarako eta AEBetako barbakoetarako osagaiak ere egiten ditu, gaur egun dituen sei negozio-unitateetan. Horrez gain, betidanik kanpora begira eta irteeretan oso esperientzia ona izan duen enpresa da Copreci, eta gaur egun zazpi ordezkaritza edo lantegi ditu atzerrian: Mexikon –atzerrian ordezkaritza zabaldu zuen Mondragon Korporazio lehen kooperatiba izan zen, 1989an–, Brasilen, Txekian, Italian, Turkian, AEBetan eta Txinan.
Kanpoan, esperientzia onak
Ane Gaztañaga da Copreciko presidentea eta, bere esanetan, Copreciren arrakastaren sekretua da "arazoei aurrez aurre begiratzen jakin" izatea. "Momentu zailak ere izan ditu, baina erabakiak hartu ditu eta asmatu egin du", azaldu du.
Batez ere gaur egungo krisi latzean enpresak aurrera egiteak zerikusi handia du esportazioekin, eta hala diosku Juanjo Arabaolaza arrasatearrak. Bera orain zortzi urte erretiratu zen, 42 urtean Coprecin lan egin eta gero. Delineante gisa sartu zen, 19 urterekin, eta produktu-teknikari gisa erretiratu zen. Horrez gain, Errektore Kontseiluko presidente izan zen bederatzi urtean; presidenteorde eta bokal ere bai. Bere esanetan, "oraingo krisia gogorrena da merkatuan, baina Coprecirendako, ez; Copreci ezin hobeto dabil, eta krisia ez igartzea esportazioei esker da. Ia merkatuko etxebizitza-tresna guztiek Coprecik egindako zatiak dituzte. Produkzioaren %70 eta %80 artean kanpora doa".

Ane Gaztañaga bat dator: "Esperientzia onak ekarri dizkigu beti atzerriak, bezeroari jarraituz atzerrira joateak; eta horri ateak ez dizkiogu ixten". Hala, baliteke etorkizun hurbilean beste herrialde batzuetan ere Copreciren ordezkaritzak zabaltzea; Errusian eta Egipton dauden aukerak aztertzen dabiltza arduradunak. Dena dela, dagoeneko munduko eskualde estrategiko guztietan dago: Europa mendebaldean, Euskal Herriko eta Italiako inplantazioekin; ekialdean, Txekiakoarekin; Asia hurbilean, Turkian, eta urrunean, Txinan; Amerika iparralde eta erdialdean, Mexikoko eta AEBetako ordezkaritzekin; eta Hego Amerikan, Brasilen.
Euskal Herrian ere lantegi bat baino gehiago dauka: Altsasuan dago bat, 2010eko maiatzean irekia.
Bi langile hil ziren
Copreciren bi krisi handiak gogoratzen ditu Arabaolazak. Lehenengoa 1974an izan zen; lanik ez zegoen denendako: "Orduan, langile batzuk beste kooperatiba batzuetara joan behar izan ziren, baina gehienendako ikastaroak-eta antolatu ziren: planoak irakurtzen jakiteko, euren lanpostuen gaineko gauzak… Horrela libratu zen hura. Bestea, okerragoa, 1986an izan zen, Espainia Europako merkatu komunean sartu zenean. 1.200 langile ginen eta 750-800 geratu ginen; besteek beste kooperatiba batzuetara trasladatu behar izan zuten". Izan ere, fiskalitate berria ekarri zuen Europako merkatuarekin bat egiteak, eta arantzel berriek eta prima batzuk galtzeak kalte egin zion Aretxabaletako kooperatibari.

Momentu hartan, dagoeneko kooperatiben elkartasun sareak indarra zuen, eta hura ezinbestekoa izan zen aurrera egiteko, Ane Gaztañagak esaten duenez: "Produktibitatea asko hobetu behar izan zuen Coprecik, eta ia 200 lagun irten egin behar izan ziren Fagor taldeko kooperatibetara. Garai hartan Mondragon Korporaziorik ez zegoen, eta kooperatibak eskualdeko taldetan zeuden antolatuta. Fagorren laguntza ezinbestekoa izan zen Copreciren galera handiei buelta emateko eta soberan zeuden langileak kokatzeko. Eta, jakina, Coprecin bazkide zirenen ahalegina eta lana ere ezinbestekoak izan ziren".

Hala ere, Coprecik bizi izan duen krisi latzena ez zen ekonomikoa edo produktiboa izan. 1995ean, zapatu goiz baten, Juanjo Arabaolaza Aretxabaletatik kanpo zela, bi langileri makina bat gainean jausi eta hil egin ziren. Arabaolazak ez zuen ezer jakin arratsaldera arte. Copreciko inork ez du hura ahaztu.
Familia baten berdin-berdina
Alde onak, zorionez, gehiago dira Copreciren historian, Arabaolazak gogoan duenez: "Hemendik gauza asko ikasi ditut: zer den fabrika bat, eta familia baten berdin-berdina da; eta zer den pertsona, zer den gizartea, zer den mundua… gauza asko". Copreciren gaineko "albiste onena", berarendako, "nola doan ikustea da". Esaten duenez, gaur egungo langile eta bazkideak oso ondo ikusten ditu: "Asko ikasi dute, edo euren nortasuna ipintzen diote lanari, ez dakit; modu batera edo bestera, oso ondo egiten dute lan".
Etengabe berritzen dute
Gaur egun, 1.500 langile inguru dabiltza Copreciren lantegi eta ordezkaritza guztietan, Aretxabaletako zentrala barne; eta gutxi gorabehera erdiak Aretxabaletan daude. Etxetresnak egiten dituzten ekoizle garrantzitsu guztiak Copreciren bezeroak dira: Fagor Etxetresnetatik hasita, gaur egun Bosch-Siemens, Whirlpool, Electrolux, General Electric, Indesit… ere ohiko bezeroak dira.
Berrikuntza gakoa da Coprecirendako, eta "bi norabidetan" egiten dute: "Batetik, funtzioa menderatzen dugu; hori beste ze teknologiarekin eman dezakegun aztertzen dugu, eta hor berritzen dugu; eta, beste aldetik, merkatutik oso gertu egoten gara, dauden beharrei guk menderatzen ditugun funtzioekin erantzuteko". Horrez gain, kudeaketan eta prozesuetan ere berritzen saiatzen dira.
Bezeroak espresuki adierazten ez dituen premiak asetzeko, negozio-unitateetan integratuta dago Coprecin berrikuntza. Horrez gain, Mondragon Unibertsitatean osagarrien gela dago, kooperatibendako aplikazioak garatzeko.
Herriarengana gerturatu
Horrela ailegatu da Copreci mende erdira. Ospakizunen egitaraua ez dago guztiz itxita, baina helburuak argi dituztela diosku kooperatibako gaur egungo presidenteak, Ane Gaztañagak: "Atzerantz begira ospatu nahi dugu 50. urteurrena, baina baita etorkizunerantz begira ere. Uste dugu oraindik Coprecik badaukala ibilbidea, luzerako dagoela". Horrez gain, "herriarekin lotura sendotu" nahi dute, eta "Copreci talde global gisa sendotu, lantegien eta ordezkaritzen arteko harremanak ere bai; eta hornitzaileei, bezeroei, langileei eta langile izan daitezkeenei proiektu erakargarri gisa aurkeztu Copreci".