Hiribusaren ibilbide handitzea, Korrika txikia eta San Andresko eta Musakolako jaiak gaur, besteak beste, Udal gobernuaren batzarrean

Ubane Madera 2013ko martxoaren 4a

Herri barruko autobusaren ibilbideak handitzearen gaineko txostena, San Andres eta Musakolako jaietan barrakak jartzea arautuko duen baldintzen plegua onartzeko proposamena, eta besteak beste, martxoaren 20an Arrasaten izango den Korrika txikiarekin lotutako hainbat eskaera mahai gainean izango dituzte gobernuko kideek gaur arratsaldean, asteroko batzarrean.

Aztergai dituzten gaiak ikusita, elurrak joatearekin batera, erabateko udaberri kutsua hartuko du, beraz, Udal gobernuarnen gaurko batzarrak. Izan ere, aipatutakoez gainera, Arizmendi Ikastolaren laguntza eskaera ere aztertuko dute, abesbatzen topaketa antolatzekoa. Eta, Arrasate Errugbi Taldeak ere aurkeztu du berea, kasu honetan, XV. Seven Rugbi Topaketa antolatzekoa.

Udaberriko Musikaldia eta udaleku irekiak

Bestalde, musikarekin lotuta, IX. Udaberriko Musikaldia antolatzea landuko dute. Baita Gipuzkoako Diputazioarekin hitzarmena sinatzea ere, 2013 Gaztemaniak egitaraua burutzeko. Eta beste gai bat aipatzearren, Txatxilipurdi elkarteak ere badihardu udako kontuetan pentsatzen, udaleku irekiak antolatzeko gazte txokoak eta ludotekak erabiltzeko baimen eskaera aurkeztu du-eta Udalean.

Halakoak eta beste landuko dituzte, bada, Udal gobernuko kideek arratsaldeko batzarrean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak