Herritar asko hurbildu da BAZera Mugi txartelaren gaineko informazioa jasotzera

Arritxu Barruso 2013ko mar. 1a, 15:40

Astelehenean, martxoak 4, jarriko da martxan Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak sortutako txartel bateratua: Mugi txartela. Honi esker, txartel bakarrarekin Gipuzkoa osoko garraio publikoan ibiltzeko aukera egongo da aurrerantzean. Bada, txartel berriaren gaineko informazioa eskaintzera etorri dira asteon Debagoienera. Astelehenean Bergaran izan ziren eta gaur berriz, Arrasateko Biztanleen Arreta Zerbitzuan (BAZ). Informatzaileak lanpetuta ibili dira. Herritar dezente hurbildu da BAZera eta zenbait momentutan ilara luzeak egin dira. Txartela non eta nola eskuratu edota aurkeztu beharreko datuak eta dokumentuak ezagutu nahi zituzten gehienek. Arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara ere izango da informazioa jasotzeko aukera.

Txartel honen helburua, tarifa-sistema bateratu berria ezartzea da, modu horretan erabiltzaileei bidaiak erraztuz.
Mugi garraio txartel berriarekin gainera, erakunde eta udal ezberdinen inplikazio eta lanari esker, autobus eta tren zerbitzu ezberdinak hartzeko aukera izango dute gipuzkoarrek. Besteak beste, honakoak dira txartel bateratuarekin erabili daitezkeen zerbitzuak: Lurraldebus, Euskotren edo Donostiako Dbus.

Hala ere, berrikuntza nabarienak tarifa eta deskontuetan izango dira, hauek bi multzotan sailkatzen dira. Alde batetik, erabilera sarituko da. Hau da, garraio publikoa gero eta gehiago erabiliz, bidaiak merkeagoak izango dira. Eta bestetik, talde edo kolektibo jakin batzuetara bideratuta dauden laguntzak: erretiratuei, ezinduei, haurrei eta laguntza sozialak jasotzen dituzten familiei.

Egoeraren arabera hobari ezberdinak eskaintzen ditu Mugi txartelak. Talde hauei lehen txartelean hamar euro sartzean bi euroko diru-saria ematen zitzaien lehen; orain hamar euro bakoitzeko 20,80 euro gehiago jasoko dituzte, hau da, %108ko hobaria jasoko dute. Informazio gehiago, www.mugipuzkoa.com webgunean eta 943 00 01 17 telefono zenbakian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak