Erresuma Batuko abeslari eta musikariak Arrasate bisitatuko du. Karmelo Alberdi Udaleko Kultura teknikariak azaldu duenez: "Artista bitxia da, eta pentsatu dugu aproposa izango dela Kulturaten jarraitzeko. Tradizio akustikotik dator, bakarlari moduan".
Denis Jonesek elektronika ukituak gehitzen dizkie bere folk ukituko kantuei, eta emaitza bitxia lortzen du. Loopstation baten laguntzarekin soinuak grabatu eta zuzeneko musikari gehitzen dizkio.
Doako emanaldia
Oraingoz, behintzat, Euskal Herrian eskainiko duen kontzertu bakarra izango da Arrasatekoa. Izan ere, etxetik kanpo biran dihardu Jonesek eta Madril, Porto eta Zamoran joko du, besteak beste.
Kulturateko hitzorduak doakoak izaten dira, eta Erresuma Batuko artistaren kontzertua ez da salbuespena izango: "Politika horrekin segituko dugu aurrerantzean ere".