Azaldu, labur-labur, zer dioen Espainiako Gobernuak indarrean jarri nahi duen hezkuntza lege berriak.
Lehenengo esan behar dena da hankaz gora jartzen duela gure hezkuntza sistema. Egia da, egitura nagusiari dagokionez, oraingoari eusten diola: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa eta Lanbide Heziketa dagoenetan mantentzen dira. Baina aldaketak daude etapa bakoitzean. Esaterako, Lehen Hezkuntzako bi zikloak desagertzen dira eta mailaka antolatzen da. DBHn dira aldaketa nabarmenenak: lehen bi mailak oraingo berdinak dira; hirugarrenean, aukeratu behar dute Matematika LHra joateko edo Batxilergora joateko, eta laugarren mailan, nork bere ibilbidea egiten du, berezitu egiten da. Ikusten dugu bide bat ikasle batzuk baztertzeko.
Curriculumean ere badira aldaketa garrantzitsuak, ezta?
Bai. Ikasgaiak hiru multzotan sailkatu dituzte: enborrekoak edo garrantzitsuenak, bereiziak eta autonomia erkidego bakoitzak libreki aukeratzekoak. Kontua da enborrekoak direnak edo garrantzi handiena ematen diotenak Gizarte, Historia, atzerriko lehen hizkuntza… horiek Espainiako Hezkuntza Ministeriotik zehaztuta datozela. Arrazoia? Espainia osoko ikasle guztiek gauza bera ikastea. Eta hori ziurtatzeko, etapa bakoitzaren amaieran azterketa bat jarri nahi dute. Autonomia erkidego guztietako ikasle guztiendako berdina izango dena. Era honetan, ziurtatzeko eskola, ikastola, kolegio… guztietan ematen dela gauza bera. Eta DBH eta Batxilergoa amaitutakoan, gainditzen ez baduzu azterketa hori, ez duzu titulurik lortzen.
Hizkuntza koofizialen, edo gure kasuan, euskararen gaiari dagokionez, zer dio legeak?
Atzerapausoa da, argi eta garbi. Horretaz gain, beste arazo bat ere bada, gure ustez, eta da eskoletan parte hartzearena. Gurasook baditugu hainbat eskumen parte hartzeko eskolaren gaineko hainbat jardueratan, erabakitan, eta abar. Esaterako: urteko programazioan, proiektuetan… Orain, Eskola Kontseiluari kentzen diote hainbat eskumen eta zuzendaritzara pasatzen dira. Eskola Kontseiluak ez dira desagertzen, baina kontsultarako-edo bakarrik erabili nahi dituzte: aholkuak emateko, eta abar.
Hortaz, boterea gurasoei eta ikasleei kendu eta eskolako zuzendaritzari ematen zaio?
Bai. Eta, gainera, zuzendaritza bera aukeratzeko moduak ere aldatu egiten dira: gaur egun aukeratzen da eskolan bertan dagoen batzorde batean eta batzorde horretako kideen %70 eskolako kide dira, modu batera edo bestera. Gainerako %30ak administrazioko ordezkariak dira. Lege berriarekin, ostera, %50 baino gehiagoko ordezkaritza dauka administrazioren mendeko ordezkariak eta erdia baino gutxiago eskolako batzordeak. Hortaz, eskumen handiagoak ematen dizkiote zuzendaritzari eta, gainera, administrazioak aukeratutako zuzendaritza da.
Zergatik da baztertzailea legea, zuek diozuen moduan?
Batetik, ikasleak oso gazte diren sasoian, 14-15 urterekin, ondo ez dabiltzan edo erdipurdi dabiltzan ikasleak bazterrean uzten dituzte. Gaur egun, eskoletan neurriak jartzen dira ikasleari aukerak emateko eta behar duen gutxieneko curriculuma emateko. Hartara, gutxienez, DBH titulua lor dezaten. Lege berri honekin, berriz, Lanbide Heziketara joatera behartuak direnak bazter samarrean geratzen dira. 14-15 urterekin, ja, ikasle batzuk aukera gutxiagorekin ateratzen dira.
Eta "uniformatzailea", zergatik?
Madrildik zehaztuta datorrelako curriculumaren zati inportante bat. Bakoitzaren berezitasunak, curriculum propioa, edukitzea saihesten du. Gure seme-alabek ikasi beharko dute Sevillakoen edo Bartzelonakoen gauza bertsuak. Eta hori baieztatzeko, gainera, azterketa egin beharko da. Gaur egun badago curriculum gutxieneko bat, baina eskola bakoitzak berea egoki dezake.
Esaterako, Euskal Herriko historia ikasi ahal izango litzateke?
Batetik, Historia ikasgaia autonomia erkidego guztietarako berdina izango da, eta, gero, Eusko Jaurlaritzak, ikasgai berezi moduan, bertako historia jarri nahi badu, jarri ahal izango du. Baina enborreko ikasgaiei denboraren %50 eskaini beharko zaie, gutxienez. Bestalde, gaur egun, ikasle batek DBHko titulua lortzeko ikasgai guztiak gainditzen baditu, titulua jasoko du. Baina aurrerantzean, ikasgaiak gainditzeaz gain, Madrilen jarri eta zuzenduko duten azterketa bat gainditu beharko du.
Euskara ikasgaia bera ere ez da enborrekoa izango…
Ez, hirugarren multzo batean sartuko litzateke. Hasierako zirriborroan proposatzen zen Euskara eta Gaztelania ikasgaiak maila parean tratatzea. Baina hizkuntza propioa daukagun erkidegoetan egindako protestak direla-eta, badirudi azkeneko zirriborroa aldatu egin dela eta, orain, proposatzen dena da gaur egungo D ereduaren antzeko zerbait. Baina, hori bai: familiaren batek eskatuko balu gaztelaniaz egin ahal izatea ikasketak, eskola publikoak edo itunpekoren batek hori ziurtatu beharko luke. Eta hori bermatuko lukeen eskolarik ez balego, familia horri administrazioak ordaindu egin beharko lizkioke ikasketak eskola pribatu batean. Hortaz, gure egoera ez da askorik aldatzen, gaur egungo ereduak baztertu eta murgiltze eredu baterantz jotzen delako, D eredurantz. Baina ikusi bezala, baditu ordainak.
Adierazgarria da Wert legea-ren aurrean eskola publikoko, ikastoletako edota pribatuetako agenteek bat egin duzuela, denak zaudetela ados kontra egiterakoan?
Garbi dago indar metaketa egin behar dela. Egon daitezke gure arteko berezitasunak eta ezberdintasunak, baina gauza asko ditugu komunean lege honen kontra egiteko. Badira gure hezkuntza sistemaren kontrako hainbat gauza eta horregatik egin dugu bat hezkuntzako eragile guztiok. Lege honi ez eta gure hezkuntza sistemari bai esan diogu.
Lege honek zergatik sortu ditu horrelako ika-mikak?
Garbi dago erreforma ideologiko bat dagoela. PPk hezkuntza sistema aldatu nahi du bere gustuko gizarte eredua eraikitzeko. Ikasleen arteko bereizketa egin nahi du lan merkatuan lanabes merkea egon dadin.
Zein izango litzateke hezkuntza sistema egokiena?
Geurea, hezkuntza sistema propioa. Izan ere, adibide bat: Espainian, 2020. urtean, lortu nahi dute DBH titulua edukitzea ikasleen %85ek. Hemen gaur egun lortzen da hori. Gurean ere hobekuntzak egin behar dira, aurrera egin behar dugu, baina ezin gara egon Espainian zer egiten duten zain. Gure curriculuma landu behar dugu, gure errealitatera egokituta.
Eskoletan-eta ekiteko asmorik baduzue?
Bai, ze hezkuntza komunitatean, gurasoen artean-eta, jendea ez baita konturatu, oraindik, zer datorren. Gurasoen erdiak ez daki benetan zer dioen Wert legea-k.