Laburbira martxoaren 12an helduko da Arrasatera

Goiatz Arana Begiristain 2013ko otsailaren 27a

Martxoaren 4tik 29ra egingo da Topagunearen Laburbira film laburren zirkuitua. Hamargarren edizioa da aurtengoa eta 20 herritan izango dira emanaldiak; Debagoienari dagokionez, Arrasaten. Zortzi film labur proiektatuko dira, ordu eta laurden inguruko saioetan, eta zenbait herritan ikus-entzunezkoen zuzendariekin solasean aritzeko aukera egongo da.

Laburbira 2013 by Goiena Komunikazio Taldea

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak herriz herriko euskara elkarteekin elkarlanean jarri du martxan Laburbira, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura saileko zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien babesa jaso du.

Euskarazko ikus-entzunezko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuitua da Laburbira. Aurtengoa Erandion hasiko da, martxoaren 4an, eta martxoaren 29an bukatuko da Igorren. Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako 18 herritan izango dira emanaldiak, baita Londresen eta Parisen ere.

Zortzi film labur, hainbat zuzendari

Saio bakoitzean, zortzi ikus-entzunezko labur eskainiko dira, 2011n eta 2012an sortutakoak. Ondorengoak dira proiektatuko diren film laburrak:

  1. Beerbug (Ander Mendia)
  2. Berriro igo nauzu (Carlos Rodriguez)
  3. Desentxufatuak (Bernues anaiak)
  4. Deus et machina (Koldo Almandoz)
  5. Elkartea (Kote Camacho)
  6. Hamaiketakoa (Telmo Esnal)
  7. Oinaze egoitzak (Oihan Amezua, Karlos Ibarbia, Netzer Bereziartua, Asier
  8. Sustaeta)
  9. Tortila (Iñigo Lopez)

Ordu eta laurden inguruko emanaldietan, sormena, dokumentala, fikzioa zein animazioa uztartzen dituzten ikus-entzunezkoak izango ditugu. Lan hauek guztiak Durangoko Azokako Irudienea gunean izan ziren, pasa den abenduan. Zuzendariei dagokienez, ibilbide luzeko egileen eta sortzaile berrien lanak ezagutarazteko ahalegina egiten du Laburbirak.

Hamar urtez film laburrak herrietara hurbiltzen

Hamar urte bete ditu jada Laburbirak. Hamarkada honetan, ehunka emanaldi izan dira Euskal Herriko hamaika txokotan, baita Euskal Herritik kanpo ere. Ibilbide oparoa izan da, eta sortzaile eta ikusleen arteko iritzi trukea oso aberasgarria dela erakutsi du, bultzatzaileen esanetan. Horregatik, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio batzuetan solasaldia egingo da zuzendariekin, emanaldiaren ondoren.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 euskara elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua da euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte: hala nola, haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak