Los Separatistas, gaur gaztetxean

Maialen Gonzalez 2013ko ots. 28a, 15:47

Tooth, Willis Drummond eta Safety Pins taldeen emanaldien ostean, Los Separatistas taldeak itxiko du otsaileko Kooltur Ostegunak. Euskal Herriko hainbat musikari ezagun eta The Cubical-eko Dani Willson izango dira bertan. Arrasateko gaztetxean, gaur, 22:00etan hasita. Sarrera bost euro.

Otsaileko Kooltur Ostegunetako azken kontzertua izango da Los Separatistas taldearena. Hilabetea indartsu etorri da, post-hardcore edota 90eko hamarkadako punk-rock amorratua eskainiz. Eta, modu berean itxiko dute Kooltur Ostegunek, garage-rock, country eta psikodelia doinuak eskainita.

Los Separatistas taldearen kontzertuak itxiko du otsaileko Kooltur. Euskal Herriko zein kanpoko musikari ezagunek sortutako taldea da. Besteak beste, Atom Rhumba taldeko abeslaria, Rober; Joseba Irazoki, Atom Rhumban koka daitekeena, baita beste talde askotan ere; Iñigo Cabezafuego, Mermaid-en, Atom Rhumban eta beste hainbat taldetan dabilena; Felix Buff frantziarra, Willis Drummond taldeko bateria-jolea; eta Mikel Abrego, aspaldiko ezaguna, Bap, Negu Gorriak eta Anari taldeetan ibilitakoa.

Dan Willson ere, bertan

Aipatzekoa da Dan Willson musikaria. Liverpoolgoa da, eta The Cubical taldeko abeslaria. Azken urteotan izen ona hartzen ari den taldea da The Cubical. Garage-rock nahiko berezia egiten dute. Besteak beste, Azkena Rock jaialdian jo dute, eta, bitxikeria moduan, Arrasateko Amaia antzokiko hall-ean ere eskaini dute euren musika.

Iaz maiatzean egindako biran, Atom Rhumbako Roberrek Willson konbentzitu zuen Bonberenea gaztetxeko estudiora gerturatzeko. Bertan, arestian aipatutako musikari guztiak elkartu ziren, eta, goiz batean, hainbat abesti inprobisatu zituzten. Willsonek, gainera, letra ugari eskaini zituen. Bertan jotako guztia grabatu egin zuten. Ordutik, baina, ez dira berriro ere elkartu. Doinu eta estilo ezberdinen arteko nahasketa, ia esklusiboki Arrasateko Gaztetxean.

Kontzertu ia esklusiboa

Biharko kontzertuari begira, bi bat eguneko entsegua egingo dute. Bi kontzertu bakarrik eskainiko dituzte: Arrasatekoa bata eta hurrengo egunean, Bilbon, bestea. Ondoren, nork bere proiektuetan murgilduta jarraituko du. Ez dute baztertzen berriro ere elkartzea, hilabete batzuk barru, esaterako; oraingoz, baina, bi kontzertu horiek aurreikusi dituzte. Ostegun honetan, beraz, garage, country edota doinu psikodelikoak entzuteko aukera egongo da Arrasateko Gaztetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak