Arrasateko gaztetxeko barraren bestaldean iragarri dute Kepa Urteaga Kultura zinegotziak eta Jon Garai Kultura Saileko teknikariak Sanjuanak prestatzeko parte-hartze prozesuaren hasiera: "Ez dakit inoiz baino lehenago ari den izaten, baina aurten goiz hasi gara Sanjuanei begira lanean. Iaz denbora aldetik justu ibili ginen eta aurten denboraz ibili gura dugu", adierazi du Garaik. Urteagak, berriz, iazko prozesuaren arrakasta nabarmendu du eta adibide moduan jarri 'Zeuk in zeuk jan' ekintzak 300 lagun baino gehiago batu zituela. Lehen bilera etzi izango da, hilak 28, Kulturateko Loramendi gelan (19:00). Herritar oro dago gonbidatuta.
Jon Garaik gogoan izan ditu herriko kultur talde eta bestelako eragileak ere, noski, baina norbanakoengana heldu gura dutela ere nabarmendu du: "Prentsaurreko honen helburua bada orain arte deituak sentitu ez direnak ere erakartzea. Izan ere, iaz Kepa eta bion sorpresarako bere burua ordezkatzen zuen pertsona baten ekarpenari esker kartela argitaratu genuen. Horrekin esan gura dudana da norbanako baten parte-hartze zuzena kalean bistan egon zela".
Iazko antzeko diru kopurua
Bestalde, Kepa Urteagak aurreratu du jaietarako iazko antzeko kopurua egongo dela: "Aurrekontuan jai guztiei begira jaitsiera txiki bat egon da baina ez dut uste esanguratsua izango denik. Mila edo bi mila euroko kontua izango da, ez gehiago".