Apirilean Garaiako erakunde ezberdinek –Mondragon, SPRI, Arrasateko Udala, Gipuzkoako Diputazioa eta Jaurlaritza– osatzen duten erretore kontseiluak bilera egingo du 2013-2016rako aurreikusi den kapitalaren handitzea aztertzeko. Horrez gain, SPRI agentzia zuzendari barik dagoela gogora ekarri du Gartziak, eta departamentu berriarekin lanean hasteko "denboratxo bat" beharko dute.
Bestalde, Garaia epe luzerako proiektu moduan planteatu zela gogora ekarri du: "Garaiakoa 20-25 urterako planteatu zen eta egia da orain ibilbidearen desertuan gaudela, beste asko moduan. Egoera orokorrak zuzenean eragiten gaitu". Era berean, datu esanguratsua da iaz 9.700 pertsona pasa zirela Garaiatik, urte osoan antolatu ziren ekintzetan.
PSE-EE: "Egoera kritikoa da"
Paco Gartzia Arrasateko sozialisten idazkari nagusiaren arabera, Garaia gunearen egoera "kritikoa" da eta kapitala handitzea behar du. Jaurlaritzaren SPRI agentziak ez badu kapitala handitzen Euskadiko berrikuntza gunerik "puntakoenetako bat" hilzorian utziko duela diote sozialistek. Garaiako erakundeen ardura aldarrikatzeaz gain, PSE-EEk salatu du Udalak ez duela milioi bat euroko zorra kitatu. Udal Gobernuak oraingoz ez du erantzunik eman nahi izan, informazio gehiago izan arte.