Amaia Antzokia ia topera 'Pedro eta otsoa' ikusteko

Txomin Madina Milikua 2013ko otsailaren 24a

Musika, ipuin kontaketa eta marrazketa uztartu ditu Arrasate Musikalek eskaini duen 'Pedro eta otsoa' ikuskizunak. Nahasketa berezia, eta interesa piztu duena: berau ikustera joandako haur eta helduek ia goraino bete dute Amaia Antzokia.

Errusiar ipuin tradizional bat oinarri duen Sergei Prokofievek idatzitako partitura abiapuntu hartuta prestatutako ikuskizuna izan da gaur eguerdian Arrasate Musikalek Amaia Antzokian eskaini duena. Julu Lopezek ipuina hitzez kontatu duen bitartean, Arrasate Musikalekoek musikarekin irudikatu dituzte ipuineko pertsonaiak. Hala, pertsonaia bakoitzak bere doinua eta instrumentua izan ditu: Pedro, esaterako, klarineteen doinu alaiek interpretatu dute; otsoa, aldiz, tronpa, tronboi eta tronpetek.

Marrazkilaria zuzenean

Arestian esan bezala, musika eta hitzei marrazketa ere batu zaie: Oier Balbas gazteak ipuinean kontatutakoak jaso ditu  marrazkitan, eta ikusleek antzokiko pantaila erraldoian jarraitu ahal izan dituzte marrazkiok. "Ez da lan erreza marrazkiak egin eta era berean partitura jarraitzea, eta urduri nengoen horregatik, baina azkenean gustura geratu naiz" esan du  behin lana amaitutakoan margolari gazteak.

Ikuskizunak izandako arrakasta ikusita, Arrasate Musikalekoak ere pozik egoteko moduan daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak