Baina nolatan otu zitzaien Arrasate Musikaleko kideei horrelako ikuskizun bat aurkeztea?: "Aratusteetan, urtero, gai bat aitzakia hartuta mozorrotuta kalera irten izan gara. Aurten, baina, kalejira horren izaera aldatu gura genuen eta kontzertu bat ematea erabaki genuen. Eta, hala, umeei bideratutako ipuin bat egitea erabaki genuen".
'Pedro eta Otsoa'
Markiegik azaldu digu eskura etorri zitzaiela Pedro eta Otsoa lanaren istorioa eta partitura ere gertu zutela moldaketa egiteko. "Sergei Prokofieve-ren partituretan oinarrituta dago; guk partitura jarraitu dugu eta pertsonaiak aurkeztuko ditugu. Ipuina kontatzen joango gara irudiekin eta esatariarekin".
Hala, marrazkilaria marrazten doan heinean, ipuina garatzen joango da. Sinkronizazio lana eskatzen du honek, ordea: "Nire lana da egokitzapenak egitea eta dena sinkronizatzea. Kar-kar. Musika zati bakoitzarendako beharrezko denbora neurtu dugu; horren bueltan egin dugu lan guztia".
65 lagun inguru ikusiko ditugu agertokian. Askotariko erritmoak entzungo ditugu: "Pertsonaia bakoitzari musika bat dagokio. Aitona, esaterako, beti haserre dago; beraz, musika ere sendoa eta irmoa da. Pedro, aldiz, alaia eta arina da; txoria oso azkarra eta urduria da; katua bigunagoa da". Ikusleek berehala identifikatuko dute pertsonaia.
Marrazkiak kontzeptuaren gainean marraztuko ditu Oier Balbas gazteak. "Arkatz markatzaile berezi bat erabiliko du. Ondoren, ikusleek marrazki hori pantailan ikusiko dute proiektatuta. Eszena bakoitza paper batean islatuko du". Finkatu gabeko marrazkiak dira; ikuspuntuaren arabera egokituko dituenak Balbasek. "12 bat marrazki egingo ditut momentuan; eszenaren arabera, baliteke aldaketaren bat ere izatea".
Euskarazko bertsioa
Narratzaile lanak Julu Lopezek egingo ditu. Saxoa jotzen du bandan, baina oraingoan, euskaraz, narratzaile lanak egingo ditu. "Animaliak eta bi gizaki dira pertsonaiak: aitona eta Pedro. Animalia bakoitzak paper bat egiten du, eta, fabula guztietan moduan, animaliek gizakien bizioak eta bertuteak islatu gura dituzte. Ikasbide bat egoten da. Ez da umeentzako soilik". Zailena musika eta testua uztartzea dela esan digu bandako saxofoi tenorrak. "Oso polita izango da. Umeei bideratuta dagoen arren, Prokofieve-ren musika erraza da entzuteko eta barneratzeko".
Bada, taldearendako erronka dela adierazi digu Mikel Markiegik.