"Herri sahararrak bizi duen eguneroko injustizia salatzeko" plazara irten dira gaur hainbat lagun, arratsaldeko 19:30ean hasita egin den elkarretaratzean. NUBI elkarteak adierazitakoaren arabera, Aaiunen, Gdeim Izik-eko istiluen ondorioz atxilotutako 24 saharar epaitu dituzte, 20 eta 30 urte baino gehiagoko kartzela zigorrak ezarriz eta zortzi gazteri, gainera, bizi osorako kartzela zigorra ezarri diete.
Arrasateko elkartearen ustez, Marokok sententzia horiek "froga gabe" erabaki ditu, "atxilotutako gazteak egindako ustezko delituarekiko loturarik gabe". Hori da, besteak beste, elkarretaratzearekin salatu gura izan dutena.
Bestalde, hilaren 27an, asteartea, 37 urte beteko dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa izendatu zenetik. Hori dela eta, egun osoan zehar Saharako bandera Udaletxeko balkoitik zintzilik egongo da.