Bi arrandegi itxi dituzte egun batetik bestera

Ubane Madera 2013ko otsailaren 20a

Erdigunean (Olarte kalean) eta San Andres auzoan (Araba etorbidean) zeuden Basoarte izeneko arrandegiak itxi egin dituzte. Bertako langileek salatu dutenez, astelehen arratsaldean jakinarazi zieten martitzenerako ja arrandegiak itxi egin behar zituztela. Langileei, oraingoz, ez diete inolako jakinarazpenik bidali. Basoarte katearen enpresariak, berriz, ez du adierazpenik egin gura izan.

San Andres auzoko Basoarte arrandegiko Mertxe Baglieto saltzaileak esandakoaren arabera, abenduko pagatik hasita, orain arteko soldatarik ez dute kobratu. Eta joan den abuztuaz geroztik jakinekoa zuten enpresa ez zebilela ondo. Hala ere, salatu du egun batetik bestera abisatu dietela arrandegiak itxi egin behar dituztela "ez dagoelako arrainik, eta ezta dirurik ere arraina erosteko". 

Dokumentazioaren zain

Dendak itxita izan arren, baina, langileek dendetara etortzen segitu egin behar dute, eta gaur (eguaztena) hala egin dute. Hain justu ere, denda barruetan egongo dira harik eta euren kaleratzeen gaineko dokumentazioren bat jaso arte, bestela ezin dutelako kalte-ordain, langabezia edo antzekorik kobratu. Hala jakinarazi dute LAB sindikatutik, kaleratze hauen jarraipena egiten dabilen sindikatutik. "Enpresariekin harremanetan gabiltza, eta esan dute oraingo astean bertan bidaliko dutela kaleratze gutuna. Hala ere, hori lortu arte, langileak hemen izango dira", adierazi du Ana Sebal sindikalistak.

Adierazpenik ez

Basoarte kateko enpresariari dagokionez, berriz, hari galdetuta, Goienari adierazi dio ez duela adierazpenik egingo; "momentuz ez dago ezer kontatzeko", esan du.

22.000 bizilagunendako zerbitzu txikia

Bestalde, eta Arrasatera begira, langileak ez ezik, arrandegi bi hauen itxierak arrasatearrak eurak ere kaltetu egiten ditu: zazpi arrandegi izatetik bost izatera pasa da-eta udalerria. "22.000 bizilagunendako bost arrandegi? Hori gutxiegi da!", adierazi du Jose Mari herritarrak. Gaur egun San Andres auzoan, Zigorrolan eta Uriben daude arrandegi bana, eta beste bi azoka plazan. 

Basoarte kateari dagokionez, berriz, Ondarroako katea da. Arrasaten orain dela zortzi urte zabaldu zituen saltokiak, eta momentu honetan bost langile zituen hemen. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak