MUren eskola politekniko inguruko kaleetan ezarriko dute TAO; ikasleen joan-etorriak direla-eta, astean zehar ibilgailu dentsitate handia izaten duelako aukeratu du Udalak unibertsitate ingurua. Udalak uste du ez dela egokia autoak ordu luzeetan egotea aparkatuta, eta beharrezkoa dela aparkalekuak txandakatzea, gidari gehiagok izan dezaten ibilgailua inguru hartan uzteko aukera.
Arrasateko TAO ordaindu egin beharko da gainera, nahiz eta ordu eta erditik hasita eta kopuru txikian izan, Udaleko ordezkariek jakitera eman dutenez. Ordutegia izango litzateke astelehenetik egubakoitzera, goizeko bederatzietatik arratsaldeko zazpietara. Ordutegi horretatik kanpo, asteburu eta jai egunetan eta abuztuan ez da TAOrik egongo.
Proposamenei zabalik
Sistema indarrean jarri aurretik Udaleko arduradunak bilerak ari dira egiten unibertsitatearekin, auzotarrekin eta merkatari zein ostalariekin. Kontuan hartu ei dituzte jasotako ekarpen interesgarriak, eta prest daude zerbitzua hobetuko duen beste edozein proposamen entzuteko ere. Urte erdi ingururako jarriko dute indarrean, eta emango dituen emaitzak aztertu ostean, asmoa da herriko beste gune batzuetara zabaltzea poliki-poliki.
Garraio publikoa indartu guran
Mugikortasunaren alorrean Udalak beste asmo batzuk ere baditu urte honetarako. Aurrekontuak 30.000 euro jasotzen ditu hainbat bidegorri zati egokitzeko. Horien artean, Araba etorbidea eta Takolo eta Garaia arteko ingurua berriz urbanizatzeko egitasmoen barruan, herriko bidegorri sarerako zati berriak aurreikusten dira.
Bestalde, garraio publikoa ere indartu gura dute. Udalaren ustez eskaintza zabala da baina erabilera ez espero bestekoa, besteak beste, auzo garaietarako igogailuek duten harrera onagatik. Ezinbestekotzat jotzen dute egungo ibilbideak berraztertu eta zerbitzua egokitzea.
Azkenik, seinaleztapenari dagokionez, Udalak gabeziak ikusi ditu herriko hainbat puntutan, eta ba omen dira egoera txarrean dauden hainbat seinale ere. Horiek konpondu eta behar den lekuetan berriak jartzeko asmoa dute.