Hasteko, zorionak! Pozik, ezta?
Eskerrik asko! Bai, oso pozik nago egin dudan lanarekin.
Nola lortu duzu Espainiako txapeldun izatea?
Txapelketako hiru lasterketak irabaztea lortu nuen. Ourensen, Caceresen eta Guadalajaran egin ziren probak eta hiruak irabazi nituen.
Sasoi onean zaudenaren seinale.
Bai, zalantza barik. Asko entrenatzen ari naiz eta sasoi onean nago, ezin naiz kexatu. Lesioak gainditu ditut, izan ere, belaunetik asko sufritu nuen bere garaian; ebakuntza egin zidaten eta ondoren konturatu ginen, ebakuntza egiterako orduan, birus bat hartu nuela. Hankan min egiten zidan eta ezin nuen behar den moduan lehiatu. Zortzi hilabete baino gehiago egin nituen errekuperatu barik. Orain bai, sasoi onean nago, erabat errekuperatuta.
Krisiak gogor astindu du motorraren mundua, baina zuk lortu duzu babeslea izatea. Aldaketa handia izango zen zuretako, ezta?
Aldaketa nabarmena, bai. Zatika taldearekin nabil, oso gustura. Alde ekonomikoa itzela da, alde izugarria dago babeslea izan edo ez izatearen artean. Orain lehiatzen nabilen moduan lehiatzea ezinezkoa litzateke babesle barik. Nik ez daukat dirurik gastu guztiei aurre egiteko, izan ere, babesleek hainbat gauza ordaintzen dizkigute. Eurengatik ez balitz ez ginateke hemen egongo.
Ekarpen ekonomikoa izateaz gain, beste hainbat erraztasun emango dizkizute, ezta?
Hala da. Pilotuak motorrean ibiltzeaz bakarrik arduratzen gara. Gainerako kezka guztietarako babesleak ditugu. Guk, trukean, egunetik egunera hobetzeko gogoz egiten dugu lan. Nire helburua behintzat hori da. Era berean, taldeko gainerako kideekin harremana oso ona da, oso estua. Finean, familia txiki bat gara. Eta bide batez lerro hauek aprobetxatu gura ditut Zatika taldeari eskerrik beroenak emateko, baita nire ibilbide osoan lagundu nauten guztiei ere.
Entrenamenduekin ari zara orain ere? Nondik nora zabiltza?
Orain bertan Gironan nago, Angles ondoan. Zirkuitu pribatu batzuetan gaude; entrenatzera etorri naiz, izan ere, ondo dakizue han [hemen] zein den eguraldia. Horregatik etorri naiz hona, baldintza aproposago batzuetan entrenatzeko. Orain bertan kamiseta motzean nago eta lurra egoera onean dago entrenatzeko. Eta hori guztia baino garrantzitsuagoa: munduko pilotu onenak ere hemen daude entrenatzen eta, beraz, aukera paregabea da niretako, besteengandik ikasi eta maila hobetzen joateko.
Entrenatzen ari zara buru-belarri. Baina, zertarako?
Enduro probarako ari naiz prestatzen orain. Beste modalitate bat da, erlojuaren kontrako lasterketa. Abiadura handiagoa duten probak dira eta azken segundora arte lehiatu beharra dago. Proba gogorrak dira.
Zeintzuk dira helburuak enduro proba horri begira?
Lehen hiruen artean amaitu ezkero gustura geratuko nintzateke.