Londres aldera bidaiatuko dute No Hope taldeko kideek egubakoitz honetan; izan ere, zapatuan, Tottenham auzoan dagoen T. Chances aretoan kontzertua eskainiko dute.
A night of Irish and Basque Solidarity (Irlanda eta Euskal Herriarekiko Elkartasuna) jaialdian parte hartzeko gonbidapena jaso zuten, "eta ezin ezetz esan", adierazi du Borja Perez taldekideak.
Lehenengoz, atzerrian
"Zapatuko kontzertua 19:00etan hasiko da eta hainbat talde igoko gara oholtzara: Neck, Steve White & The Protest Family, Brendan O'Prey eta Bottlejob taldeekin batera joko dugu. Azken talde horretan bateria jotzen duen Aretxabaletako lagun batek esan zigun Irlandako eta hemengo presoen aldeko jaialdia antolatu zutela, eta ea parte hartu gura genuen galdetu zigun eta ezin horrelako aukera galdu".
Disko berria aurkezten
Zapatuko emanaldian, besteen artean, disko berriko kantuak joko dituzte. Izan ere, berriki kaleratu du No Hopek Kale Ustelak izeneko lehenengo lan luzea. "Dena ezin hobeto irten zaigu!". Etxetik horren urruti jotzen duten aurreneko aldia izanda, gogotsu daude taldekideak esperientzia bizi izateko.