Sabadellera "gerra" ematera joango dira atleta arrasatearrak

Xabier Urtzelai 2013ko otsailaren 15a

Urteko helburu gogorrak aurrerago dituzte atleta arrasatearrek, uda sasoirako –aire zabaleko Europako Txapelketa–, baina hitzordu horietan parte hartzeko sailkapen faseak lehenago dira, eta Arrasatekoek dagoeneko egin dituzte etxeko lanak, nahiz eta oraindik otsailean gauden.

Duela 15 egun Malen Ruiz de Azua izan bazen albiste, joan den asteburuan Maialen Axpe izan zen Anoetan egindako Espainiako txapelketan, promes mailan, urrea lortu zuena. Eta ez edonola, hasteko, Raquel Cosme eta Marina Ribas gainditu zituelako, eta gainera, bere marka pertsonala gainditu eta Europako txapelketarako gutxieneko marka lortu zuelako (4,01).

Jonathan Perez entrenatzaileak azpimarratu zuen ez zutela sorpresarik hartu (atletismoan sorpresa gutxi egoten da, eta bai lan handia marken atzean), Axpe ondo zegoelako txapelketari begira, baina egun bateko lehian edozer gerta zitekeela.  

Sabadellera, dena ematera 

Asteburuan, berriz, Sabadellen Espainiako txapelketa absolutua jokatuko dute, eta gazteak izan arren gutxieneko marken jabe direnez, bertan izango dira Malen Ruiz de Azua (3.95) eta Maialen Axpe (4.01), entrenatzaileak dioen moduan "gerra" emateko asmoz. Horrek esan nahi du podiumera igotzeko borrokatuko direla.

Era berean, azpimarratzekoa da, baita ere, Iñigo Uribarrenek salto hirukoitzean egindako 15,07 metroko marka, Espainiako txapelketan zilarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak