Neguko arropak, betaurrekoak, galtzak, poltsak, zapatak... Beste behin ere, Ibai-Artek antolatuta Merkemerkaua egingo dute bihar, zapatua, Arrasateko kaleetan.
Hogeita hamar saltoki irtengo dira bihar kalera; 10:00etan hasi eta 20:00ak bitartean salgai interesgarriak bilatu eta aurkitzeko aukera egongo da. Baina gainera, trikitilariek erdigunea alaituko dute, 11:00etatik 13:00ak bitartean; bestalde, Erraldoi eta Kilikien Konpartsa arratsaldean irtengo da ikuskizuna eskaintzera, 17:30etik 19:00etara.
Neguko likidazioak
Ibai-Arteko kide eta antolatzaile lanetan aritu den Edurne Aranburuk hau adierazi du: "Eskaintza handia egongo da bihar, beraz: umeen arropak, ile-apaindegi bat, parafarmazia... Dena merke-merke, izenak dioen moduan."
Neguko likidazioa egin gura izaten dute herriko komertzioek: "Neguko produktuak prezio bikainean ateratzen ditugu kalera eta jendearen erantzun ona jasotzen dugu, normalean".
Kalitate ona, merkeago
Hilabete pasatxo da neguko beherapenak ipini zituztela herriko dendetan. Ordutik, hobetzen joan dira eskaintza horiek, gainera; une honetan saltoki gehienek prezio erdian dituzte euren salgaiak.
Bihar baina, prezioetan %70 eta %80ra bitarteko jaitsierak aurkitu ahal izango dituzte herritarrek. "Betiko produktua betiko kalitatean, baina ohi baino prezio interesgarriagoarekin, noski".
Saltokien erakusleiho
Merkemerkaua egiten hasi zirenetik hona gauza asko aldatu dira. Esate baterako, hasieran Uarkapen egiten baldin bazen, kaleetara igaro zen herriko komertzioek antolatutako azoka. Honela gogoratzen du Aranburuk: "Hasieran denok zalantzak genituen, eta gure buruari galdetzen genion ea zerbaitetarako balioko ote zuen ekimenak. Baina ikusi dugu baietz, benetan saltzen dela".
Gainera, dendan saltzen ez dena askotan kalera atera eta segituan erosten dute erosleek, Ibai-Artekoen esanetan. "Hau da, guretzako erakusleiho bat da, eta publiko zabalago batera iristen gara". Saltzaile eta bezeroentzako aukera ona, beraz, biharkoa.