20 langiletik gora kaleak eta auzoak garbitzen

Ubane Madera 2013ko otsailaren 12a

Arrasaten 06:00etan aktibatu dute elurrari aurre egiteko protokoloa. Horren ondorioz, 20 langiletik gora dabiltza kale eta auzoak garbitzen: Cespako langileak, kale garbitzaileak eta brigadakoak, hain justu. Horiekin batera, elurra kentzeko bi makina ere lanean dabiltza: kaleko goiko auzoetan bata, eta herriko baserri-auzoetan bestea. "Goizeko 07:30erako Bedoñarako bidea libre utzi dugu, baina berriro ere itxita dago", kontatu digu Jose Luis Etxeberria Porruk. 

Hark emandako informazioaren arabera, Erguin, Makatzena eta San Kristobalen ez dago argirik. Iberdrola jakinaren gainean dago "orain dela ordubete". Bestalde, Umezaintzan ere ez dute argirik, eta ezta berogailurik ere.

Kale eta auzoen egoerari dagokionez, Erguin, Gorostiza eta Makatzenako zenbait eskailera mozten dabiltza une honetan kale garbitzaileak, brigadakoak eta Cespako langileak. 

Goiko auzoak eta ospitalea, garbi

Eta elurra kentzeko bi makina eten barik lanean dabiltza. Batak Jose Luis Iñarra, Obenerreka, Makatzena, Erguin eta ospitale inguruak garbitu ditu. Eta besteak, berriz, Bedoña, Gesalibar-Garagartza eta Udala auzoak. Hala ere, goi aldeko auzoei dagokienez, garbitu ahala elur zaparradak botatzen baditu, atzera ere errepideak erabili ezinda geratzen dira.

500-600 metrora

Jose Luis Etxeberria Porruk esandakoaren arabera, ezustean harrapatu gaitu guztiok ere elurte honek: "Aurrean daukak papera, eta ipintzen du elurra 500-600 metrora, eta abisu horia, beraz…", adierazi du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak