Zer aurkituko dugu diskoan?
Gure estilo eta bidea jarraitzen duten hamar kantu. Oi! klasikoa da plastiko barruan aurkituko duzuena, azken urteetan sortu dugun kantu sorta berria, gure ustez aurreko lanetan baino helduago dauden kantuak. Ingelesez egin ditugu abesti guztiak oraingoan, eta kantuen konposaketa artean denbora tarte handia egon dela igar daiteke. Egia esan, Survive diskoa kaleratu genuenean, 2008an, kontzertuak ematean jarri genuen gure gogoa eta ez genuen kantu askorik konposatu. Hala ere, disko berriko kantu pare bat Survive diskoaren jarraipen direla esan genezake.
Zuen estiloari leialak izan zarete.
Bai, hau da betidanik egin duguna eta aurrerantzean egingo duguna. Esan bezala, kantuak ildo beretsutik doaz, baina, gure ustez, aldaketa edo heldutasuna ere antzeman daiteke. Esate baterako, diskoko azken bi kantuak, Keep the spirit alive eta Aphatetic generation, egindako azken kantuak izan dira eta sonoritate ezberdina dutela esan digute. Hala ere, Aggressive Combat izaten jarraitzen dute.
Kaleratu arteko prozesu luzea izan da, ezta?
Bai, egia esan, askorik pentsatu gabe jo genuen estudiora. 2011ko abenduan sartu ginen grabatzera eta ordurako, amaituriko sei kantu bakarrik genituen, beste pare bat azken ukituen faltan zeuden eta bi kantu oso Nekrosounds estudioan bertan sortu genituen: Reflections eta Aphatetic generation, hain zuzen. Horrez gain, nahasketak eta masterra Shot estudioan egin genituen; kantuei beste ikuspuntu bat emateko egin genuen, eta asmatu egin genuen. Shoteko Iñakik kantu batzuetan produktore lana egin zuen, konponketa batzuk eginda eta abesti baten hasiera aldatuz, adibidez. Lan hori guztiori egin ondoren, kopiak egin aurretik ere diseinuarekin arazotxo batzuk izan genituen. Formatu kontuak eta argazkiak ateratzeko nagitasuna direla tarteko, dena atzeratu zen. Eta bidaia amaitzeko, banatzaileak diskoak Azpeitiko Txarrantxa taberna kanpoan utzi zituen ordu batzuez, gure lagun bat konturatu zen arte! Baina, azkenik, kalean dago gure hirugarren lana!
Eta emaitzarekin gustura geratu zarete?
Guztiz; gure ustez, orain arteko Aggressive Combaten disko onena da. Lehenengoa ere oso berezia izan zen, baina Back on the streets diskorako urte hauetan guztietan metatu dugun esperientzia erabili dugu. Horrez gain, Shoten egindako produkzio-lana ere antzematen da. Hirugarren lan hau Survive diskoaren jarraipen naturala da; are gehiago, bi kantu bertan egon beharko zuketen. Eta disko honetan ere Iñaki Virux gitarra-jole berriaren indarra eta ukitu pertsonala antzeman daiteke; gutako rockariena da, eta, kantuen parte izateko askatasun osoa izan duenez, ezinbestekoa da haren esentzia sentitzea.
Formazio berriarekin lehen lana; zer moduz sentitu zarete?
Betiko moduan, disko guztiak bost kiderekin grabatu ditugu; oraingoan, gitarra-jole aldaketa bakarrik egon da. Hala ere, haren jotzeko era ezberdina da; The Kate's Maniacs punk-rock taldetik dator, eta igarri egiten da kantuetan.
Eta banaketa kontuak?
Oraingoan, lan handiagoa egin beharko dugu; besteetan, zigilu gehiagoren laguntza izan dugu, baina Back on the streets banatzeko Europa eta estatuko hainbat banatzailerekin hitz egin dugu. Adibidez, Runnin' Riot on line dendarekin, Errusiako banatzaileekin eta Galizia aldeko lagunekin. Gure helburua da, saltzea baino gehiago, gure musika Europara zabaltzea. Eta gutxi barru, El Fierro zigiluak diskoa binilo formatuan ateratzeko asmoa du, azala aldatuta. Diskoaren aurkezpena Arrasaten egiteko asmoa dugu; hala ere, aurretik kontzertu pare bat emango ditugu sasoia hartzeko.