Bedoña, nortasun eta balio historiko handiko auzoa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ots. 11a, 11:27

Bedoña nortasun sendoa duen Arrasateko nekazari-auzoa da, balio historiko eta kulturalean oinarritutakoa eta landa eremuko paisaia zoragarria eskaintzen duena. Ororen gainetik, Bedoña ezagutzea merezi duen auzoa da. Horretan dihardute auzotarrek, euren altxorra mundu zabalari erakusteko asmoz.

Auzotar batzordea liburu edo txosten bat argitaratu guran dabil, eta izenburua aukeratu dute dagoeneko: Bedoña ezagutzen. Natura, ondarea, tradizioa. Hori bai, oraindik txostena erabat osatu barik dago, eta pasatuko dira hilabete batzuk argia ikus dezan. 

Auzotarrekin egon gara eta lan horretara bideratuko duten materiala utzi digute, eskuzabaltasuna bedoñarren ezaugarrietako bat dela gogora ekarrita. Eskuzabaltasun horren adierazle da auzolanak duen garrantzia. Auzolana da auzoko nortasunaren oinarria eta horri jarraiki egokitu da garai berrietara, auzotarren bizi kalitatea hobetuz. 

Bedoña arrasatearra da 

Zertarako Bedoña bisitatu? Auzoko historiaz eta ondareaz jabetzeko, bertako ibilbide eta leku ezkutuetan zehar altxor naturalez gozatzeko eta bertako gastronomiaz gozatzeko, besteak beste. Bisitarako egun egokia izan daiteke abenduaren 10a, auzoko jai nagusiaren eguna. 

Eta, noski, Bedoña Arrasateko auzoa da. Hiribilduen sorreraren aurretik, giza antolamenduaren eredu ziren elizateak. Leintz Bailara lurraldea osatzen zuten 17 elizateetako bat zen Bedoña, 1.630eko urtarrilaren 31n Felipe IV.a erregeak mankomunitate hura desegin zuen arte. Orduan auzoa Aretxabaletako administraritzaren mende geratu zen. Baina bedoñarrak arrasatear sentitu izan dira beti, eta Aretxabaletakoekin zuten harremana okertzen joan zen. Hala, 1959ko azaroaren 30ean, bedoñarrek Aretxabaletatik banatu eta Arrasateren parte izateko espedientea ireki zuten. Banaketa 1966ko martxoaren 3an gauzatu zen. Eta etorkizuneko proiektua ere bada Bedoña. Lehen sektorea estrategikotzat hartuta, landaguneko jarduera ekonomikoa indartzen ari da: aldizkako produkzioa sustatzea, tokiko merkataritza bultzatzea eta auzoko belaunaldi gazteen ekimena eta auto-enplegua indartzea dira etorkizunerako gakoak. Gako horiek betetzen dihardute. 

Hamaika txoko interesgarri

Bisitatzea merezi duten hainbat txoko ditu auzoak. Batzuk gaur egun ez daude zutik, baina aipatzea merezi dute: Bañez de Artazubiagatarren dorretxea eta Magalbe baserria, adibidez. 

Dorretxerik ez dago egun, Oñatiko kondearen burugogorkeriak eraginda su eman zitzaiolako. Kondea Arrasaten babestu zen gero, hiribilduko Iturriotz kaleko 35. zenbakian eraiki zuen jauregian. Magalbe baserriari dagokionez, egun aztarnak bakarrik daude. Bedoñako eta inguruetako baserri onena zen, 1940ean sute batek kiskali zuen arte. Baserri hartako azken baserritarra oso pertsona ezaguna izan zen auzoan zein inguruetan: Alejandro Iturbe Arana Malbe. Ospetsu egin zen bizitza ulertzeko zuen moduagatik; gizon argia, nortasun eta bihotz handikoa. Urak eta larreak libre zen haren lelo nagusia, eta, horregatik, hamaika auzitan egon zen sartuta. 

Andramarizuri baseliza, ordea, bisita daiteke oraindik. Inguruotako baselizarik zaharrenetakoa da, XIV. mendekoa. Debozio handiko birjina izan da mendeetan zehar, lehorte garaian fededunek bisitatzen zuten eta baita haurdun zeuden hainbat emakumek ere. Andramarizuri baserri aurretik pasatzen den bideak ere historia handia dauka: 1347an Enrike II.a Oñatitik Arrasatera etor zedin eraiki zen errege-bidea izan zen. Egun, PR-GI 91 moduan ezaguna den ibilbideko parte da. 

Mendibitzu baserriak ere merezi du bisita bat. Juan Arana Ezpeleta Loramendi euskal olerkari ospetsuaren jaiotetxea da; olerkarien lehen saria lortu zuen urte berean hil zen, lehen meza eman baino egun batzuk lehenago. Horiez aparte ere, beste zenbait txoko ere badira. Aisialdirako plan ederra da, esaterako, paintball zelaia bisitatzea. Bertan ikus daiteke Bedoña eta Aretxabaleta banatzen dituen mugarria. 

Jakiak probatzea merezi

Lehen sektorea estrategikoa izanik, Bedoñako produktuek ospe handia dute. Ogia da arrakasta handien duen jakia: egubakoitzero, Arrasateko Udal Azokan, herritarrek ilara luzeak sortzen dituzte aste bukaeran baserriko ogia izan dezaten. Urkamendi baserrikoek, esaterako, hiru aldiz egiten dute azokarako bidea egubakoitz goizero. Ohiko ogiaz gain, Bedoñako karapaixoak ere arrakasta handia du. Garizuma garaian jaten da, udaberriari ongietorria egiteko. Beraz, datorren astetik aurrera Arrasateko hainbat etxetara helduko da jaki preziatua. Bedoñako Otxia txakolinak ere hainbat jarraitzaile ditu. 

Gainerako produktuen artean ere kalitatea bereizgarri. Orain, gainera, aukera dago sasoian sasoiko eta bertako kalitatezko produktuak ekoizleei zuzenean erosteko. Non? Ohiko azoketan –hileko hirugarren zapatukoa barne– eta www.baserrisarea.com webgunean. 

-----------------

Santa Eulalia, garai bateko gotorleku eliza bihurtuta

Santa Eulalia parrokia, garai bateko gotorleku izan zena, eliza bihurtu eta XVI. mendean berreraiki zen. Oso gutxi dakigu sorrerari buruz, baina aztarna ugari nabari dira leku estrategikoan eraiki zela erakusten dutenak. Esaterako, Arrasateko haranera begira dauden bi gezi-leiho ikus daitezke, garai baten defentsarako izan zuen zeregina ziurtatzen dutenak. Kanpandorrea Manuel Martin Carrera arkitekto ospetsuak eraiki zuen 1767an. Eliza barruan nabarmendu behar dira garai erromanikoko aztarnak, errenazimendu estiloko zurezko sabaia –1.560. urte inguruan eraikia– eta 1755ean Francisco de Etxanobe oñatiarrak eraikitako barroko estiloko erretaula.

-----------------

Baserriak, auzoko historia bizia

Asko dira historia bizia duten eta ezagutzea merezi duten baserriak. Hala ere, ezin guztiak aipatu, eta, beraz, har dezagun kontrastea irizpide moduan. Uribarren baserriak, esaterako, XVIII. mendeko arkitektura erakusten digu. Hareharrizko harlanduz eraikia da eta karpanel erako arku dotorea du. Hegoaldera begira dago, eta ondo kokatuta egote horrek ibilbidetik ezkutatuta uzten du haren aurrealde bikaina. Bidasoro baserria euskal eraikuntza herrikoiaren eredu da. Amaitzeko, Zabale baserria da historikoena; egun ez da inor bizi, baina udaletxea izan zela uste da. Agiriak erre egin zituzten II. Karlistaldian eta XVIII. mendean ospe handia izan zuten Ama Birjina beltzetako batek Zabale baserria izan zuen kokagune.

-----------------

'Loramendi'-ren omenezko harria

Pertsonaia historiko ezagunen artean, ezin ahaztu Juan Arana Ezpeleta Loramendi, euskal olerkari ospetsuenetako bat. Haren omenezko monumentua 1972ko ekainaren 7an inauguratu zuen Miguel Angel Olano gotzainak. 1935eko ekainaren 2an merezitako omenaldia eskaini zitzaion. 

-----------------

Oroitzapenari hainbat erreferentzia xume eta bitxi

Auzoak oroitzapenari erreferentzia egiten dioten hainbat artelan ditu. Hilerria, 1973an berreraikia, oso bitxia da; Arrasateko gurutze-bide zahar batetik berreskuratutako gurutzea du buruan. Erdiko pasabidearen bi aldeetara daude lurperatzeko tokiak, euskal hilerrietako ikur diren estela eta guzti. Era berean, gertu dago Koldobika Jauregi eskulturgilearen Iragana azaleratzen artelana, 1986an eraikia. Historia ugari eta erabaki trinkoak isilean gordetzen ditu leku horrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak