Ezagun zen musikariak ere etxean bezala gustora zeudela. Pettik, aspaldiko lagunak dituen Ines Osinaga (Gose) eta Andoni Zubiaga, Arrasateko musikariak lagun izan zituen Taupako taularen gainean. Taupako emanaldia amaituta, Iluntz tabernan ikusi genuen Petti, Joseba Irazokiren eskenatokira igota, elkarrekin hainbat kantu abestuta, emanaldia borobilduz.
'Zuzeneko instanteak' erakusketa domeka bitartean Kulturaten
Antolatzaileak gustura dira, atzoko bi emanaldiek, zein astean Arrasaten egindako ekitaldiek (Napoka Hiria bikotearen berbaldia eta Kooltur Ostegunak ekimenarekin bat eginda Gernikako Tooth taldeak eguenean egindako kontzertuak) izandako harrera beroaz. Gogora ekarri dute, era berean, bihar, domeka bitartean, ikusgai dagoela Kulturaten, musika ardatz duen 'Zuzeneko instanteak' deritzon argazki erakusketa. Korrika 18ko materiala eskuratzeko aukera ere badago oraindik. AEKko ordezkarien esanetan, asko izan dira dagoeneko, saldu dituztenak.
Gaur Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldi bikoitza Bergarako frontoian
Debagoienean antolatutako asteburu honetako Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan, gaur, zapatua, Sentitu, pentsatu, ekin ikuskizunaren emanaldi bikoitza egingo dute Euskal Herriko pailazo ezagunek. Hitzordua, Bergarako frontoian, gaur, 15.30etan eta 18:00etan. Oraindik sarrerak geratzen dira bi emanaldietarako.
Antolatzaileek, era berean, jakinarazi dute abian jarri berri duten txartelak saltzeko sistema berriaren eraginez, arazo batzuk izan dituztela aurre-salmentan, eta ondorioz, hasiera batetan zenbakituak ziren sarrerak, ez direla horrela izango gaineratu dute, horrek sortu ditzazkeen trabak direla-eta barkamena eskatuz.