Jai-giroan bete-betean murgilduko den Karruena koadrilako Oskar Elizbururekin egin dugu berba. Lagun taldeak iazko koadrilen mozorro onenaren saria eskuratu zuen, Frantziako Luis XIV.a gortea irudikatuta. "Irabazteak beti ematen du poztasuna, baina ez dugu mozorroa erabakitzen xede horrekin. Guk ondo pasatzeko helburuaz antolatzen dugu dena".
Gabon ostea ezkero dihardute aurtengo attrezzoa prestatzen. "Behin zertaz mozorrotu erabakita, ordu piloa igarotzen dugu lanean. Bakoitzak ahal duen neurrian. Beti-beti, karroza egiten dugu, eta beti-beti, neurri berdina edukitzen du; izan ere, hurrengo egunean Aretxabaletara joaten gara, eta urteroko furgoneta berean sartu behar da".
Saria irabazteak, baina, betebehar batzuk ekarri dizkio koadrilari: "Jaiari hasiera ematen dion pregoia botatzeko ardura dugu gure gain, eta gainera, aurtengo irabazleak hautatzeko epaimahaiaren parte izango gara". Ez digu pregoiaren aztarnarik eman gura izan. "Baina erabaki dugu gure mozorroarekin zerikusia edukitzea mezuak. Eta umore klabean izango dela, ziur". Pirataz, Erdi Aroa irudikatuz edota gorteko kide bezala mozorrotu den koadrilaren aurtengo hautua zein den jakiteko, bihar eguerdira arte itxaron behar...
Mozorro festako sariak
Urtero legez, mexikar, gangster edota hippy jantzitako koadrilak ibiliko dira kalean, eta ideia originalak ere ikusiko dira, ziur. Epaimahaiak taberna, koadrila eta karrozarik onenak hautatu beharko ditu; haiek urdaiazpiko eta plaka bana eramango dute. Gainera, emakume eta gizonezko mozorro onenek ere saria eramango dute, gazta eta trofeo bana. Zorte on, guztioi, eta ondo ibili!
Egitaraua
Egubakoitza
- 18:30 Arrasate Musikalen kontzertua Amaia antzokian.
Zapatua
- 12:00 Pregoia Biteri plazan. Ondoren kalejira.
- 13:00 Sari banaketa Herriko Plazan.
- 14:30 Herri bazkaria Uarkapen.
- 19:30 eta 22:30 Mikel Hats taldearekin dantzaldia.
Domeka
- 19:30 Full Monty antzezlana Amaia antzokian.