Miguel Angel Hernandez: "Pezetak zeudenean kupoitzarra eman nuen, 155 milioi pezetako saria"

Ubane Madera 2013ko otsailaren 9a

Miguel Angel Hernandezek, (Sanlucar de Barrameda, Cadiz) ondo asko daki zer den kalean lan egitea: 27 urte daramatza kupoiak saltzen Arrasateko kaleetan, goizetik gauera arte. Goizean goiz Otalora kalera sartzen denak berehala atzematen du bere presentzia Maalako biribilgune pareko arkupetan. 

Noiz hasten zara lanean? 

07:00etan. Baina astelehenetik eguenera trasteak ipini eta kotxera joaten naiz, ze gutxi gorabehera beti datoz bezero berak, eta haiei esanda daukat hemen ez banago kotxean egongo naizela, eta eurek badakite zein den nire kotxea. Gero 08:00-08:30ak bitartean gosaltzera joaten naiz, ez delako mugimendu larregi egoten. Egubakoitzean, berriz, gosaldu barik geratzen naiz. Azokaren ondorioz jende gehiago egoten da, eta gosaldu beharrean gozokitxo batzuk jaten ditut. Dena dela, inguru honek asko galdu du: igogailua jarri dute, errepidea eten, okindegia itxi… ia ez da inor pasatzen.

Ondorioz, lekuz aldatu egin behar izaten duzu, ezta?

Bai, Lidle-era joaten naiz, BM-ra, Eroskira… Aramaiora ere joaten naiz astean pare bat bider bertako bi taberna eta arrandegira. 

Eta noiz bukatzen duzu lana?

21:30-22:00ak inguruan. Eroskira joaten naiz, eta han barruan ibiltzen naiz. 

Asteburuak ere lanean?

Pare bat ordu-edo, bai. Lankide bat Arantzazura joaten da, eta haren postua libre geratzen denez, aprobetxatu egiten dut, eta berari abonatuak ere egiten dizkiot. 

Egun osoa kalean ematen duzu  beraz….

Bai, lo egiteko izan ezik.

Gogorra izango da bada, horrenbeste ordu kalean egotea, batez ere goizean eta neguan… 

Bai, barrutik txandala eraman behar izaten dut askotan, bestela belaunetan ospelak ateratzen zaizkit. Uda iristeko deseatzen egoten naiz! Eta bitartean, kotxera sartzen naiz askotan eta berogailua topera ipini; edo saltoki barruetara joaten naiz…

Zuk aukeratu duzu arkupe hau saltoki izateko?

Bai, baina lehen hemen okindegia zegoen (Maalakoa). Eta herrian okindegi gutxiago zeuden, beraz, mugimendu handia izaten zen. Baina orain okindegiak leku guztietan ipini dituzte, inguruko zirkulazioa aldatu egin dute…  Hori, adibidez, zoramena da, batez ere turistak datozenean. Argibideak ematen ibili behar izaten dut sarri. Astakeria hutsa da hor egin dutena. Madrilgo kale nagusia moztea moduan da. Eta "gasolindegia" ere… 

Zein egunetan saltzen da gehien?

Zapatuetan. Saltzaile gutxiago egoten delako. Portaloian egoten naiz zapatuetan.

Eta gehien saltzen den hilabetea zein da?

Abendua. Gabonen bueltan. 

Batez beste, zenbat jokatzen du jendeak?

Denetik dago, baina normalean kupoi bat. Egunero. Edo bi. Gutxiagoan etortzen denari ahalegintzen naiz gehiago saltzen. 

Zelako eskua duzu sariak ematerako orduan?

Oso ona izan dut. Pezetak zeudenean 155 milioi pezetako saria eman nuen, 1989an, kupoitzarra. Eta beste hamar sari garrantzitsu ere eman izan ditut. 

Badakizu zeini tokatu zitzaion kupoitzarra? Edo ezin da esan…

Caserako banatzaile bat zen. Esaten dizut berak ere esan egin zuelako eta herri guztiak jakin zuelako. Oso pertsona ezaguna da. Bi anaia ziren, freskagarriak banatzen zituztenak.

Zuk zeuk jokatzen duzu?

Bai. Okin batek ogia jaten duen moduan, nik jokatu egiten dut. 

Zein da gehien gustatzen zaizun joko mota?

Egubakoitzeko kupoia eta Eurojackpota. 

Krisiarekin gehiago edo gutxiago jokatzen dugu?

Gutxiago. Saltokietan dirurik ez baldin badago, mugimendu gutxi dago… sikiera saltzaileei irribarre egiten diet eta eurek bueltatu egiten didate.  

Zenbat saltzaile zarete Arrasaten?

Hamar bat, uste dut. Lehen 15 ginen, baina krisiarekin… Gaur egun badaude gune batzuk saltzaile barik; halakoetara neu joaten naiz. Bestalde, neu naiz saltzaile beteranoena.

Beste zerbait gaineratu nahi duzu?

Ea bada jendeari dirua tokatzen zaion. Eta lana aurkitzen duen.

-----------------

Goiko mendiak ditut gustuko: Urrutitik ezagutzen ditut, igoz gero jausi egingo nintzatekeelako ez naiz batera ere igo. Baina gustatzen zaizkit, Cadiz inguruan (jaioterria) dena delako hondartza. Dena den, itsasoa oso faltan igartzen dut. Itsasoan eguzkia irteten eta ezkutatzen ikusten dut. Hemen, askotan izarrak ez dira ikusi ere egiten.

Hemengo klima ez dut gustuko: Oso gogorra egiten zait Euskal Herriko klima. Ez dut ohitzea lortu. Euria oso gogorra da, goizeko behe-laino hori ez zait batere gustatzen… oso goibela iruditzen zait guztia. Urdai azpikoak-eta kontserbatzeko ona da klima hau, baina bestela…  Pentsa, Cadizen esnatzen nintzen eguzkiak oinetan ematen zidanean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak